Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5

Itun Zaharra

Itun Berria

1 Joan 4 Elizen Arteko Biblia (EAB)

Kristoren Espiritua eta etsaiaren espiritua

1. Ene maiteok, ez fidatu edozeinekin; aztertu lehenengo Jainkoarengandik datorren ala ez, sasiprofeta asko sortu baita munduan.

2. Honela jakingo duzue norbaitek Jainkoaren Espiritua duen ala ez: Jesu Kristo egiazko gizon egin dela aitortzen duenak Jainkoaren Espiritua du;

3. Jesusen izaera hau ukatzen duenak, ordea, ez du Jainkoaren Espiritua, antikristoarena baizik. Entzuna duzue antikristoak etorri behar duela; hara bada, munduan da jadanik.

4. Seme-alabatxook, zuek Jainkoarenak zarete, eta garaituak dituzue sasiprofeta horiek, zuengan dagoena munduan dagoena baino handiagoa baita.

5. Mundukoak dira horiek; horregatik, munduaren arabera mintzo dira, eta mundukoek entzun egiten diete.

6. Gu, berriz, Jainkoarenak gara, eta Jainkoa ezagutzen duenak entzun egiten digu; Jainkoarena ez denak, aldiz, ez digu entzuten. Honetatik atera dezakegu nork duen egiaren espiritua eta nork gezurraren espiritua.

Maite duenak ezagutzen du Jainkoa

7. Ene maiteok, maita dezagun elkar, maitasuna Jainkoarengandik baitator, eta maite duen oro Jainkoarengandik jaioa da eta ezagutzen du Jainkoa.

8. Maite ez duenak ez daki deus ere Jainkoaz, Jainkoa maitasuna baita.

9. Hara nola agertu den Jainkoaren gureganako maitasuna: Jainkoak bere Seme bakarra mundura bidali zuen, beronen bidez bizia izan dezagun.

10. Hau da benetako maitasuna: ez guk Jainkoari izan diogun maitasuna, berak guri izan diguna baizik, hau da, gure bekatuen barkamen-oparitzat bere Semea bidaliz erakutsi digun maitasuna.

11. Ene maiteok, Jainkoak horrela maite izan bagaitu, guk ere maitatu egin behar dugu elkar.

12. Jainkoa ez du inork inoiz ikusi; elkar maitatzen badugu, Jainkoa gurekin bat eginik dago eta beraren maitasuna bere betera iritsi da guregan.

13. Jainkoa eta gu elkarrekin bat eginik gauden seinalea hau da: berak eman digun Espiritua.

14. Eta guk ikusia dugu eta aitortzen Aitak Semea bidali zuela munduaren salbatzaile.

15. Jesus Jainkoaren Semea dela aitortzen duenarengan dago Jainkoa eta hura Jainkoarengan.

16. Eta guk ezagutu dugu eta sinetsi Jainkoak digun maitasuna. Jainkoa maitasuna da, eta maitasunean dirauena Jainkoarekin bat eginik dago eta Jainkoa harekin.

17. Hau da maitasuna guregan bere betera iritsi den seinalea: auzi-egunerako guk konfiantza osoa dugula, Kristoren izaera berekoak baikara mundu honetan.

18. Maitasunean ez dago beldurrarentzat tokirik, baizik eta maitasun beteak kanpora botatzen du beldurra, beldurra zigorra espero duenari baitagokio; beldur dena ez da maitasun betera iritsi.

19. Beraz, maita dezagun, Jainkoak maitatu baikintuen lehenik.

20. «Jainkoa maite dut» esan eta senideari gorroto diona gezurti da; izan ere, ikusten duen senidea maite ez duenak ezin du maite ikusten ez duen Jainkoa.

21. Hauxe da harengandik hartu dugun agindua: Jainkoa maite duenak maita dezala bere senidea ere.