Itun Zaharra

Itun Berria

Zenbakiak 35:19-34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.

20. «Gorrotoz bultza eginez edo asmo txarrez zerbait jaurtiz

21. edota amorraturik ukabilez joz, norbait hiltzen duena, heriotzara emango dute: hiltzaile da. Hildakoa mendekatzeko eskubidea duenak, hiltzailea aurkitu bezain laster emango du heriotzara.

22. «Baina gerta daiteke ustekabean eta amorrurik gabe bultza egin nahiz asmo txarrik gabe zerbait jaurti izatea;

23. edota norbaitek hiltzeko moduko harria bota eta ikusi ez duen beste norbaiten gainera eroriz hil izatea, nahiz eta elkarren etsai ez izan eta kalte egiteko asmorik ez eduki.

24. Halako kasuetan, inguruabar horiek kontuan harturik, elkarteak erabakiko du hiltzailearen eta mendeku-eskubidea duenaren arteko auzia.

25. Elkarteak libratu egingo du hiltzailea mendekariaren eskuetatik, eta ihesleku izan duen babes-hirira itzularaziko berriro; hantxe biziko da, olio sakratuz gantzuturiko apaiz nagusia hil arte.

26. Baina ihesleku duen babes-hiriaren mugetatik irteten bada,

27. eta mendeku-eskubidea duenak, babes-hiriaren mugetatik kanpo aurkitu eta hiltzen badu, ez du hilketarik egiten.

28. Hiltzailea, beraz, babes-hirian biziko da, apaiz nagusia hil arte. Gero, itzul daiteke bere jabetzara.

29. «Hori guztia lege izango duzue belaunez belaun, biziko zareten edonon.

30. «Hilketarik denean, zenbait lekukoren aitorpenaz bakarrik eman ahal izango da hiltzailea heriotzara. Lekuko bakarra ez da aski inori heriotza-zigorra emateko.

31. Heriotza-zigorra merezi duen hiltzailearen bizia ezin izango da ordaindu diruaren truke; heriotzara emango dute.

32. Ez diozue dirurik onartuko babes-hiriren batean babestu denari ere, apaiz nagusia hil baino lehen bere lur-ondarera itzultzeko baimenaren truke.

33. «Ez profanatu zaudeten lurraldea. Hilketak profanatu egiten du lurraldea, eta isuritako odoletik lurraldea garbi gelditzeko bide bakarra hiltzailearen odola da, heriotza-zigorra alegia.

34. «Ez kutsatu bizi zareteneko lurraldea, neu ere bertan bizi bainaiz; izan ere, ni, Jauna, israeldarren artean bizi naiz».

Irakurri kapitulu osoa Zenbakiak 35