Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 7:1-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Hona hemen ordain-opariei buruzko ohikunea. Opari guztiz sakratuak dira.

2. Ordain-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da. Oparigaiaren odolaz aldarea zipriztinduko da alde guztietatik.

3. Haren gantz guztiak aurkeztuko dira: buztana, heste inguruko gantza,

4. giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

5. erre egingo du apaizak aldarean, Jaunaren ohorez erretako opari gisa. Ordain-oparia da hau.

6. Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete, eta toki sakratuan jan ere, opari guztiz sakratua baita.

7. Hala barkamen-opariak nola ordain-opariak, biek ohikune bera dute. Oparigaia barkamen-ohikunea egin duen apaizarentzat izango da.

8. «Oparigaien larrua erre-oparia eskaintzen duen apaizari dagokio.

9. Labore-opariak, nahiz labean erreak nahiz eltzean edo zartaginean prestatuak, eskaintzen dituen apaizari dagozkio.

10. Baina gainerako labore-opariak, bai oliotan oratuak, bai oratu gabeak, Aaronen ondorengo guztiei hainbana dagozkie.

11. «Hona hemen Jaunari aurkeztu beharreko elkartasun-opariei buruzko ohikunea.

12. Esker onez eskainia bada, sakrifiziorako opariaz gain, oliotan oraturiko legamia gabeko opilak, oliotan bustiriko legamia gabeko taloak eta olioz nahasiriko irina eskainiko dira.

13. Horrez gain, legamiadun ogia eskainiko da, esker onez eskaintzen den elkartasun-opariarekin batera.

14. Halako bat bereiziko da eskaintza-mota bakoitzetik Jaunarentzat emaitza gisa, eta atal hori elkartasun-oparigaiaren odolaz aldarea zipriztindu duen apaizarentzat izango da.

15. Esker onez eskainitako elkartasun-opariko aberearen haragia, eskaini den egun berean jango da; ez da deus ere geldituko biharamun goizerako.

16. «Elkartasun-oparia botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egina bada, oparigaia opaldua izan den egunean jango da; sobera gelditua hurrengo egunean jan daiteke;

17. baina hirugarren egunerako ezer geldituko balitz, erre egingo da.

18. Oparia eskaini duenak opariko haragitik hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango, eta haren oparia balio gabe geldituko litzateke; gaitzesgarria da haragi hori, eta hartatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 7