Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 7 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Ordain-oparia

1. «Hona hemen ordain-opariei buruzko ohikunea. Opari guztiz sakratuak dira.

2. Ordain-opariko aberea erre-oparietakoak hiltzen diren toki berean hilko da. Oparigaiaren odolaz aldarea zipriztinduko da alde guztietatik.

3. Haren gantz guztiak aurkeztuko dira: buztana, heste inguruko gantza,

4. giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

5. erre egingo du apaizak aldarean, Jaunaren ohorez erretako opari gisa. Ordain-oparia da hau.

6. Apaiz-familietako gizonezkoek bakarrik jan dezakete, eta toki sakratuan jan ere, opari guztiz sakratua baita.

7. Hala barkamen-opariak nola ordain-opariak, biek ohikune bera dute. Oparigaia barkamen-ohikunea egin duen apaizarentzat izango da.

Apaizei dagokiena

8. «Oparigaien larrua erre-oparia eskaintzen duen apaizari dagokio.

9. Labore-opariak, nahiz labean erreak nahiz eltzean edo zartaginean prestatuak, eskaintzen dituen apaizari dagozkio.

10. Baina gainerako labore-opariak, bai oliotan oratuak, bai oratu gabeak, Aaronen ondorengo guztiei hainbana dagozkie.

Elkartasun-oparia

11. «Hona hemen Jaunari aurkeztu beharreko elkartasun-opariei buruzko ohikunea.

12. Esker onez eskainia bada, sakrifiziorako opariaz gain, oliotan oraturiko legamia gabeko opilak, oliotan bustiriko legamia gabeko taloak eta olioz nahasiriko irina eskainiko dira.

13. Horrez gain, legamiadun ogia eskainiko da, esker onez eskaintzen den elkartasun-opariarekin batera.

14. Halako bat bereiziko da eskaintza-mota bakoitzetik Jaunarentzat emaitza gisa, eta atal hori elkartasun-oparigaiaren odolaz aldarea zipriztindu duen apaizarentzat izango da.

15. Esker onez eskainitako elkartasun-opariko aberearen haragia, eskaini den egun berean jango da; ez da deus ere geldituko biharamun goizerako.

16. «Elkartasun-oparia botoren bat betetzeko edo norberaren borondatez egina bada, oparigaia opaldua izan den egunean jango da; sobera gelditua hurrengo egunean jan daiteke;

17. baina hirugarren egunerako ezer geldituko balitz, erre egingo da.

18. Oparia eskaini duenak opariko haragitik hirugarren egunean jango balu, ez litzaioke Jaunari atsegin izango, eta haren oparia balio gabe geldituko litzateke; gaitzesgarria da haragi hori, eta hartatik jan dezanak bere hobenaren ondorenak jasan beharko ditu.

19. Gainera, zernahi kutsatu ukitzen duen haragia ez daiteke jan; erre egingo da.«Opalduriko haragia, legez garbi daudenek bakarrik jan dezakete.

20. Kutsatua egonik, Jaunari eskainiriko elkartasun-opariko haragia jaten duena, herritik bota egingo dute.

21. Berdin, zerbait kutsatua ukitu ondoren —giza kutsadura dela, abere-kutsadura edo beste edozein kutsadura higuingarri dela— Jaunari eskainiriko elkartasun-opariko haragia jaten duena, herritik bota egingo dute».

Arau orokorrak

22. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

23. «Esan israeldarrei: Ez duzue jango zezen, ardi edo ahuntzen gantzik.

24. Abere hilaren nahiz sarraskituaren gantzaz edozertarako balia zintezkete, jateko izan ezik.

25. Jaunaren ohorez erretzeko oparigai den aberearen gantza jaten duena, herritik bota egingo duzue.

26. Biziko zareten edozein lekutan, ez duzue hegazti- edo abere-odolik jango.

27. Odola jaten duen oro, herritik bota egingo duzue».

Apaizei dagokiena

28. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

29. «Esan israeldarrei: Elkartasun-oparia Jaunari eskaintzean, eskaintzaileak Jaunari dagokion zatia aurkeztuko du;

30. bere eskuz eramango du Jaunari sagaratu beharrekoa: gantzak eta bularra. Bularra Jaunari eskainiko dio, errituzko aurkezpen-keinua eginez.

31. Gantzak apaizak erreko ditu aldarean; aurkezturiko bularra, berriz, Aaron eta beronen ondorengoentzat izango da.

32. Opaldutako aberearen izterra ere apaizarentzat gordeko duzue:

33. elkartasun-opariko odola eta gantza eskaintzen dituen apaizari dagokion zatia da.

34. Izan ere, aurkezturiko bularra eta aparte utzitako izterra neuk hartu ditut israeldarrengandik —horien elkartasun-oparietatik— eta Aaron apaizari eta beronen ondorengoei eman: betiko dagokien partea da.

35. Horra hor Jaunaren ohorez erretako oparietatik Aaroni eta beronen ondorengoei dagokien partea, Jaunaren apaiz izateko izendatuko dituzten egunetik.

36. Hala emateko agindu die Jaunak israeldarrei, apaiz sagaratuko dituen egunetik. Betiko legea da hau belaunez belaun».

Azkena

37. Horiek dira opariei buruzko arauak: erre-opari, labore-opari, barkamen- eta ordain-opari, apaizen sagarapeneko opari eta elkartasun-opariei buruzko arauak,

38. Jaunak Moisesi Sinai mendian adieraziak, israeldarrei Sinai basamortuan opariak egiteko agindu zien egunean.