1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:
2. «Esan israeldarrei: Norbaitek oharkabean bekatu egiten badu, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, xedapen hauek beteko dituzue:
3. «Bekatu egin duena apaiz nagusia bada, horrela herri osoa errudun bihurtuz, zekor akats gabea eskainiko dio Jaunari, bekatuaren barkamen-oparitzat.
4. Jaunaren aurrera eramango du zekorra, elkarketa-etxolaren sarrerara, eta, eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du.
5. Apaiz nagusiak, zekorraren odoletik pixka bat harturik, elkarketa-etxolara eramango du,
6. eta, behatza odoletan bustirik, zazpi bider zipriztinduko du santutegi aurreko errezela, Jaunaren aurrean.
7. Gero, odol horrekin elkarketa-etxolan dagoen intsentsu usaintsuaren aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu Jaunaren aurrean, eta zekorraren gainerako odola elkarketa-etxolaren sarreran dagoen erre-oparien aldare-oinean isuriko.
8. Ondoren, barkamen-opariko zekorrari gantz guztia kenduko dio: heste inguru eta gaineko gantza,
9. giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,
10. elkartasun-opariko zekorrarekin bezala, erre egingo du apaizak erre-oparien aldarean.
11. Azkenik, zekorretik gelditzen dena —larrua eta haragia, burua, hankak eta hesteak—
12. kanpalekutik atera egingo du leku garbi batera, gantzen errautsa botatzen den lekura, alegia, eta su-egurraren gainean erreko; errauts-lekuan erreko da.