Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 4 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Barkamen-oparia

1. Honela mintzatu zitzaion Jauna Moisesi:

2. «Esan israeldarrei: Norbaitek oharkabean bekatu egiten badu, Jaunak debekatua duen zerbait eginez, xedapen hauek beteko dituzue:

Apaiz nagusiarena

3. «Bekatu egin duena apaiz nagusia bada, horrela herri osoa errudun bihurtuz, zekor akats gabea eskainiko dio Jaunari, bekatuaren barkamen-oparitzat.

4. Jaunaren aurrera eramango du zekorra, elkarketa-etxolaren sarrerara, eta, eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du.

5. Apaiz nagusiak, zekorraren odoletik pixka bat harturik, elkarketa-etxolara eramango du,

6. eta, behatza odoletan bustirik, zazpi bider zipriztinduko du santutegi aurreko errezela, Jaunaren aurrean.

7. Gero, odol horrekin elkarketa-etxolan dagoen intsentsu usaintsuaren aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu Jaunaren aurrean, eta zekorraren gainerako odola elkarketa-etxolaren sarreran dagoen erre-oparien aldare-oinean isuriko.

8. Ondoren, barkamen-opariko zekorrari gantz guztia kenduko dio: heste inguru eta gaineko gantza,

9. giltzurrunak gaineko gantzarekin, saihetsei itsatsia dagoen gantza eta gibela estaltzen duena; hori guztia kendurik,

10. elkartasun-opariko zekorrarekin bezala, erre egingo du apaizak erre-oparien aldarean.

11. Azkenik, zekorretik gelditzen dena —larrua eta haragia, burua, hankak eta hesteak—

12. kanpalekutik atera egingo du leku garbi batera, gantzen errautsa botatzen den lekura, alegia, eta su-egurraren gainean erreko; errauts-lekuan erreko da.

Elkartearena

13. «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, oharkabean bekatu egiten duena israeldarren elkarte osoa bada, errudun bihurtzen da, nahiz eta ezjakinean egin.

14. Egin duen bekatuaz jabetzean, elkarte osoak zekorra eskainiko du barkamen-oparitzat. Elkarketa-etxolara eramango du,

15. eta elkarteko arduradunek, eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo dute Jaunaren aurrean.

16. Apaiz nagusiak zekorraren odoletik pixka bat elkarketa-etxolara eramango du,

17. eta, behatza odoletan bustirik, zazpi bider zipriztinduko du santutegi aurreko errezela, Jaunaren aurrean.

18. Gero, odol horrekin elkarketa-etxolan dagoen aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu Jaunaren aurrean, eta zekorraren gainerako odola elkarketa-etxolaren sarreran dagoen erre-oparien aldare-oinean isuriko.

19. Gantz guztia kenduko dio zekorrari eta aldarean erreko,

20. zekor honekin ere beste barkamen-opariko zekorrarekin egindakoa bera eginez. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du elkarteak bekatua.

21. Gero, kanpalekutik atera egingo du zekorra eta lehenengo zekorra bezala erre. Elkartearen bekatuaren barkamen-oparia da hau.

Buruzagiarena

22. «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, buruzagiren batek oharkabean bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da.

23. Egin duen bekatuaz jabetzean, aker akats gabea eramango du oparitzat.

24. Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du Jaunaren aurrean, erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian. Barkamen-oparia da hau.

25. Gero, apaizak, akerraren odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko.

26. Gantz guztiak aldarean erreko ditu, elkartasun-oparigaien gantzak bezala. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du buruzagiak bekatua.

Herritar arruntarena

27. «Jaunak debekatua duen zerbait eginez, herritar arrunt batek oharkabean bekatu egiten badu, errudun bihurtzen da.

28. Egin duen bekatuaz jabetzean, ahuntz akats gabea eramango du barkamen-oparitzat.

29. Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian.

30. Gero, apaizak, ahuntzaren odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko.

31. Gantz guztiak kenduko dizkio ahuntzari, elkartasun-oparigaiei bezala, eta aldarean erreko, Jaunak atseginez onartzen duen opari gisa. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du herritarrak bekatua.

32. «Bekatuaren barkamen-oparitzat arkumea badakar, akats gabea eta emea izango da.

33. Eskua buruan ezarri ondoren, hil egingo du erre-oparietako abereak hiltzen diren tokian.

34. Gero, apaizak, arkumearen odoletik pixka bat behatzez harturik, erre-oparien aldare-ertzeko adarrak igurtziko ditu, eta gainerako odola aldare beraren oinean isuriko.

35. Gantz guztiak kenduko dizkio, elkartasun-opariko arkumeari bezala, eta aldarean erreko, Jaunaren ohorez erretako opariekin batera. Era honetan egingo du apaizak bekatuaren barkamen-ohikunea eta barkatua izango du herritarrak bekatua.