Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 26:37-46 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

37. Gudutik ihesi doazenak bezala egingo duzue elkarrekin estropezu, nahiz eta inork eraso ez. Ez zarete gauza izango etsaiei aurre egiteko.

38. Atzerrian hilko zarete, zeuen etsaien lurpean irentsirik geldituko.

39. Eta zuetarik zenbait bizirik gelditzen badira, han ustelduko dira atzerrian beren gaiztakeriengatik, berenengatik eta beren gurasoenengatik.

40. «Baina azkenik aitortuko dute beren errua eta beren gurasoena: zein desleial izan zitzaizkidan eta nola egin zidaten aurka, alegia.

41. Horregatik egin nien nik ere aurka eta etsaien lurraldera eraman, ea horrela haien barru sinesgogorra apaltzen zen eta zigorra merezia zutela aitortzen zuten.

42. Orduan, Jakobekin, Isaakekin eta Abrahamekin eginiko itunaz oroituko naiz, baita lurraldeari buruzko agintzariaz ere.

43. Baina lehenago, lurraldea utzi egin beharko dute, hondaturik egongo den bitartean bere atsedenaldiak hartu ahal ditzan. Beren bekatuek merezia ordaindu beharko dute, nire erabakiak mespretxatu eta legeak baztertu dituztelako.

44. Baina etsaien lurraldean egongo direnean ere, ez ditut gaitzetsiko, ez baztertuko, haiek deuseztatu eta nire ituna hausteraino. Neu, Jauna, bainaiz haien Jainkoa.

45. Aitzitik, gogoan izango dut, beraien onerako, haien aurrekoekin egin nuen ituna, haien Jainko izateko atera bainituen Egiptotik herri guztien aurrean».

46. Horiek dira Sinai mendian Jaunak Moisesen bidez israeldarrei eman zizkien lege, erabaki eta irakaspenak, beraren eta israeldarren arteko harremanak zehazteko.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 26