Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27

Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Ez egin sasijainkorik, ez eraiki idolorik, ez zutarri sakraturik, ez ezarri zeuen lurraldean dotore landuriko harririk, horien aurrean ahuspezteko. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa.

2. «Errespetatu nik aginduriko atseden-eguna eta izan begirune nire santutegiari. Neu naiz Jauna.

Bedeinkazioak

3. «Nire legeen arabera bizitzen bazarete eta nire aginduak arretaz betetzen badituzue,

4. emango dizuet euria bere garaian: lurrak bere uzta ekarriko du eta landako arbolek beren fruitua emango;

5. gari-jotzeak mahats-bilketa arte iraungo du eta mahats-bilketak ereinaldia arte; ase-ase egin arte jan ahal izango duzue eta lasai biziko zarete zeuen lurraldean.

6. Bakea emango dizuet bertan: ezeren kezkarik gabe oheratuko zarete. Piztia kaltegarriak desagerraraziko ditut, eta ez da gerrarik izango.

7. Ihes eragingo diezue etsaiei eta zuen erasopean hilik eroriko dira:

8. zuetariko bostek ehun etsairi erasoko diete eta ehunek hamar milari; zuen erasopean hilik eroriko dira.

9. Begi onez begiratuko dizuet, seme-alaba ugari eman eta erruz ugalduko zaituztet; sendo eutsiko diot zuekiko itunari.

10. Hain ugariak izango dira uztak, non ezin izango baitituzue jan, eta zaharrak atera beharko dituzue berriak sartzeko.

11. «Zuen artean jarriko dut neure egonlekua eta ez zaituztet zapuztuko.

12. Zuekin ibiliko naiz beti, zuen Jainko izango naiz eta zuek nire herri izango zarete.

13. Neu naiz Jauna, zuen Jainkoa, egiptoarren lurraldetik atera zintuztena, haien esklabo ez izateko. Zuen esklabotzaren uztarria hautsi dut eta burua jasorik ibilarazi zaituztet.

Madarikazioak

14. «Aitzitik, obeditzen ez badidazue eta agindu hauek guztiak betetzen ez badituzue,

15. nire legeak gutxiesten eta erabakiak baztertzen badituzue, eta horrela, nire agindu guztiok bete nahi ez dituzuelarik, nire ituna hausten baduzue,

16. hona zer egingo dizuedan: bat-bateko izuz joko zaituztet, zuen begiak ahuldu eta bizi-indarrak jango dizkizuen gaitz galgarriz eta sukarrez joko. Alferrik ereingo duzue, etsaiek jango baitituzte zuen uztak.

17. Aurka jarriko natzaizue: etsaiek garaituko zaituztete, etsai gorrotagarrienek menderatuko. Ihesari emango diozue inork atzetik eraso gabe ere.

18. «Horrela ere obeditzen ez badidazue, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik.

19. Zuen segurtasun harroa hautsiko dut: zuen zerua burdina bezain lehor eta zuen lurra brontzea bezain elkor bihurtuko ditut.

20. Indar guztiaz ahaleginduko zarete, baina alferrik: lurrak ez dizue uztarik emango, ez landako arbolek ere fruiturik.

21. «Aurka egiten badidazue, niri obeditzeari uko eginez, zazpi bider gogorrago zigortuko zaituztet zeuen bekatuengatik.

22. Basapiztiak bidaliko dizkizuet aurka: seme-alabarik gabe utziko zaituztete, zeuen abereak sarraskituko eta zeuek ere hain bakandurik utziko, non hutsik geldituko baitira herrialdeko bideak.

23. «Guztiarekin ere nire zentzarazpena onartu ez eta aurka egiten badidazue,

24. neuk ere aurka egingo dizuet eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

25. Gerra sorraraziko dut zuen aurka, ituna hausteagatik merezi duzuen zigorra emateko; hirietan babestuko zarete, baina izurria sortuko dut bertan eta etsaien esku eroriko zarete.

26. Janari-hornidura kenduko dizuet: labe bakar batean erreko dute hamar emakumek zuen ogi guztia eta, hain neurtua emango dizuetenez, ezin izango duzue jan gosea kentzeko adina.

27. «Hala ere obeditu ez eta aurka egiten badidazue,

28. neuk ere aurka egingo dizuet haserre bizian eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

29. Zeuen seme-alaben haragia jan beharko duzue.

30. Deuseztatu egingo ditut zuen sasikultu-lekuak, lurrera botako zuen intsentsu-aldareak, zuen gorpuak idoloen pusken gainean pilatuko ditut eta gaitzetsi egingo zaituztet.

31. Eremu bihurtuko ditut zuen hiriak eta hondakin zuen santutegiak. Ez ditut zuen opariak atseginez onartuko.

32. Hondatu egingo dut zuen lurraldea eta harri eta zur eginik geldituko dira hartaz jabetzera etorriko diren etsaiak.

33. Gerra sorraraziko dut zuen aurka eta kanpoko nazioetan barreiatuko zaituztet. Zuen lurraldea eremu bihurtuko dut eta zuen hiriak hondakin.

34. «Orduan, zuen etsaien artean erbesteraturik emango duzuen denboraldi guztian, lurrak, bertan behera utzia egongo delarik, atseden hartu ahal izango du: zor zitzaizkion atsedenaldiak izango ditu.

35. Zuek bertan bizi zinetela izan ez zituen atsedenaldiak, bertan behera utzia egongo den aldian beteko ditu.

36. «Etsaien lurraldean bizirik geldituko zaretenoi barru-barrurainoko larria sentiaraziko dizuet: airean doan hostoaren hotsa aski izango da zuei ihes eragiteko; ezpataz atzetik erasoko balizuete bezala egingo duzue ihes. Inork eraso gabe eroriko zarete.

37. Gudutik ihesi doazenak bezala egingo duzue elkarrekin estropezu, nahiz eta inork eraso ez. Ez zarete gauza izango etsaiei aurre egiteko.

38. Atzerrian hilko zarete, zeuen etsaien lurpean irentsirik geldituko.

39. Eta zuetarik zenbait bizirik gelditzen badira, han ustelduko dira atzerrian beren gaiztakeriengatik, berenengatik eta beren gurasoenengatik.

Jainkoak ituna gogora ekarri

40. «Baina azkenik aitortuko dute beren errua eta beren gurasoena: zein desleial izan zitzaizkidan eta nola egin zidaten aurka, alegia.

41. Horregatik egin nien nik ere aurka eta etsaien lurraldera eraman, ea horrela haien barru sinesgogorra apaltzen zen eta zigorra merezia zutela aitortzen zuten.

42. Orduan, Jakobekin, Isaakekin eta Abrahamekin eginiko itunaz oroituko naiz, baita lurraldeari buruzko agintzariaz ere.

43. Baina lehenago, lurraldea utzi egin beharko dute, hondaturik egongo den bitartean bere atsedenaldiak hartu ahal ditzan. Beren bekatuek merezia ordaindu beharko dute, nire erabakiak mespretxatu eta legeak baztertu dituztelako.

44. Baina etsaien lurraldean egongo direnean ere, ez ditut gaitzetsiko, ez baztertuko, haiek deuseztatu eta nire ituna hausteraino. Neu, Jauna, bainaiz haien Jainkoa.

45. Aitzitik, gogoan izango dut, beraien onerako, haien aurrekoekin egin nuen ituna, haien Jainko izateko atera bainituen Egiptotik herri guztien aurrean».

46. Horiek dira Sinai mendian Jaunak Moisesen bidez israeldarrei eman zizkien lege, erabaki eta irakaspenak, beraren eta israeldarren arteko harremanak zehazteko.