Itun Zaharra

Itun Berria

Lebitarrena 26:23-38 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. «Guztiarekin ere nire zentzarazpena onartu ez eta aurka egiten badidazue,

24. neuk ere aurka egingo dizuet eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

25. Gerra sorraraziko dut zuen aurka, ituna hausteagatik merezi duzuen zigorra emateko; hirietan babestuko zarete, baina izurria sortuko dut bertan eta etsaien esku eroriko zarete.

26. Janari-hornidura kenduko dizuet: labe bakar batean erreko dute hamar emakumek zuen ogi guztia eta, hain neurtua emango dizuetenez, ezin izango duzue jan gosea kentzeko adina.

27. «Hala ere obeditu ez eta aurka egiten badidazue,

28. neuk ere aurka egingo dizuet haserre bizian eta zazpi bider gogorrago zigortuko zeuen bekatuengatik.

29. Zeuen seme-alaben haragia jan beharko duzue.

30. Deuseztatu egingo ditut zuen sasikultu-lekuak, lurrera botako zuen intsentsu-aldareak, zuen gorpuak idoloen pusken gainean pilatuko ditut eta gaitzetsi egingo zaituztet.

31. Eremu bihurtuko ditut zuen hiriak eta hondakin zuen santutegiak. Ez ditut zuen opariak atseginez onartuko.

32. Hondatu egingo dut zuen lurraldea eta harri eta zur eginik geldituko dira hartaz jabetzera etorriko diren etsaiak.

33. Gerra sorraraziko dut zuen aurka eta kanpoko nazioetan barreiatuko zaituztet. Zuen lurraldea eremu bihurtuko dut eta zuen hiriak hondakin.

34. «Orduan, zuen etsaien artean erbesteraturik emango duzuen denboraldi guztian, lurrak, bertan behera utzia egongo delarik, atseden hartu ahal izango du: zor zitzaizkion atsedenaldiak izango ditu.

35. Zuek bertan bizi zinetela izan ez zituen atsedenaldiak, bertan behera utzia egongo den aldian beteko ditu.

36. «Etsaien lurraldean bizirik geldituko zaretenoi barru-barrurainoko larria sentiaraziko dizuet: airean doan hostoaren hotsa aski izango da zuei ihes eragiteko; ezpataz atzetik erasoko balizuete bezala egingo duzue ihes. Inork eraso gabe eroriko zarete.

37. Gudutik ihesi doazenak bezala egingo duzue elkarrekin estropezu, nahiz eta inork eraso ez. Ez zarete gauza izango etsaiei aurre egiteko.

38. Atzerrian hilko zarete, zeuen etsaien lurpean irentsirik geldituko.

Irakurri kapitulu osoa Lebitarrena 26