Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 7:2-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

2. Egun hartan, baliozko gizon guztiak abiatu ziren. Ehun eta hirurogeita hamar mila oinezkok eta hamabi mila zaldizkok osatzen zuten gudarostea eta, gainera, tresneriaren arduradunek eta oinez zihoan gizon-multzo handiak.

3. Betuliatik hurbil dagoen zelaian, iturri inguruan, ezarri zuten kanpalekua eta, gero, Dotaimdik Belbaim hiriraino zabaldu ziren eta Betuliatik Esdrelon aurrean dagoen Kiamoneraino luzatu.

4. Halako jendetza handia ikustean, arras izuturik gelditu ziren israeldarrak eta esan zioten elkarri: «Soildu egingo dute horiek lurrazal osoa. Horien pisuari ez diote eutsiko ez mendi garaiek, ez sakanek, ez mendixkek».

5. Eta, nork bere armak harturik, dorreetan sua piztu eta gau osoan erne egon ziren.

6. Bigarren egunean, Betuliako israeldarren aurrera atera zuen Holofernesek bere zalditeria.

7. Gero, Betuliako aldapak ikertu, iturriak non zeuden ikusi eta, beraietan gudari-taldeak utzirik, bere gudarosteagana itzuli zen.

8. Esauren ondorengoen buruzagiak, moabdarrenak eta kostaldekoen gudalburuak, hurbildu eta esan zioten Holofernesi:

9. «Jauna, gure aholkua aditzen baduzu, ez da galduko zure gudarosteko gizon bat ere.

10. Israeldarrak ez daude seguru armak dituztelako, mendi garaietan bizi direlako baizik; izan ere, zail da mendi horien gailurrera igotzea.

11. Jauna, ez borrokatu, ohi den bezala, guda-lerrotan; horrela ez da zure gizon bat ere eroriko.

12. Geldi zaitez kanpalekuan eta gorde zeure gizonak. Har dezatela hauek mendi-oineko iturria,

13. hortik hartzen baitute ura Betuliakoek. Egarriak mendera ditzanean, emango dizute hiria. Gu geure gudari-taldeekin inguruko tontorretara igoko gara eta beraietan ezarriko dugu kanpalekua eta zain egonen gara, hiritik inor atera ez dadin.

14. Goseak ahituko ditu israeldarrak, beren emazte eta seme-alabekin, eta, ezpataz jo baino lehenago, beren hiriko plazetan zerraldo eroriko dira.

15. Orduan ordainaraziko diezu gogor zure kontra jaiki izana eta zure bidera bakean atera ez izana!»

Irakurri kapitulu osoa Judit 7