Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 7:16-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

16. Atsegin izan zitzaizkien aholku haiek Holofernesi eta ofizialei, eta buruzagiek esan bezala egiteko agindu zuen Holofernesek.

17. Amondar gudari-taldea eta haiekin batera bost mila asiriar aurreratu eta, kanpalekua haranean ezarririk, israeldarren urtegi eta iturriez jabetu ziren.

18. Esauren ondorengoek eta amondarrek mendietan, Dotaim aurrean, ezarri zituzten kanpalekuak eta gudari-taldeak bidali hegoalde eta ekialdera, Kus ondoan dagoen Egrebel aurrera, Mokmur erreka ondora. Gainerako asiriar gudari-taldeak lautadan gelditu ziren, lurrazal osoa estaliz. Oihal-etxolek eta tresneriak izugarrizko zabalera hartu zuten, jendetza handia baitzen.

19. Israeldarrek deiadar egin zioten Jaunari, beren Jainkoari, kikilduak baitzeuden, etsaiak inguraturik zeuzkala eta ihesbiderik ez zutela ikustean.

20. Hogeita lau egunez egon ziren asiriarrak beren oinezko, guda-gurdi eta zaldizkoekin hiria inguratzen. Azkenean, Betuliako jendeari ahitu egin zitzaion ontzietako ura

21. eta urtegietakoa agortu. Ezin ziren egun batean ere urez ase, neurtua ematen baitzitzaien ura.

22. Haurrak makaldurik zeuden, emakumeak eta gazteak egarriak hilda, eta hiriko plazetan eta ateetako igarolekuetan erortzen ziren indarrik gabe.

23. Jende guztiak —gazte, emakume eta haur—, Oziasengana eta hiriko agintariengana bildurik, esan zuen garrasika arduradunen aurrean:

24. «Izan bedi Jauna zuen eta gure artean epaile! Hona nolako kaltea ekarri diguzuen, asiriarrekin bake-hitzarmenik egin nahi ez izateagatik!

25. Ez dugu inongo laguntzarik. Etsaien eskura eman gaitu Jainkoak, beraien aurrean egarriz eta miseriaz hil gaitezen.

26. Dei egiezue asiriarrei, eta utzi Holofernesen jendeari eta gudaroste osoari hiria harrapa dezaten.

27. Hobe dugu haien harrapakin izan. Esklabo izanen gara, baina bizirik behintzat, eta ez ditugu hiltzen ikusiko geure haurrak, ezta azken arnasa ematen ere emazteak eta seme-alabak.

28. Zeru-lurren izenean eskatzen dizuegu eta gure erruek eta gure arbasoen bekatuek merezitako zigorra ematen digun Jainkoaren, gure arbasoen Jaunaren, izenean: egin ezazue esaten dizueguna».

29. Bildutako jende guztia, aho batez, negar-zotinka hasi zen eta deiadar egin zioten denek Jainko Jaunari oihu handiz.

30. Oziasek esan zien: «Izan adore, senideok! Euts diezaiogun beste bost egunez eta bitartean Jauna, gure Jainkoa, errukituko zaigu berriro, ez baikaitu betiko utziko.

Irakurri kapitulu osoa Judit 7