Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 2:3-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Haiek ontzat eman zuten erregearen deiari erantzun ez zioten guztiak hondatzea.

4. Biltzarra bukaturik, Asiriako errege Nabukodonosorrek gudalburu nagusi eta erreinuko bigarren zen Holofernesi dei egin eta esan zion:

5. «Hau dio lur osoaren jabe den errege handiak: Hara, nire aurretik alde egitean, hartu zeurekin gizon kementsuak: ehun eta hogeiren bat mila oinezko eta zalditeria handia, hamabi mila zaldunekin.

6. Eta zoaz mendebaldeko lurralde osoari erasotzera, ez entzunarena egin baitzioten nire deiari.

7. Agindu iezaiezu lur- eta ur-eskaintzak prestatzeko, mendetasunaren seinaletzat. Amorru bizian atera behar dut beraien kontra; nire gudarosteak lurralde hori guztia oinpean hartuko du eta dena harrapatzen utziko diet nire gudariei.

8. Zaurituz beteko dira sakanak, erreka eta ibaiek gainezka egingo dute hildakoez.

9. Lurreko azken mugetaraino sakabanatuko ditut gatibuak.

10. Zoaz, bada, lurralde horiek niretzat hartzera. Menpean jarriko zaizkizu, baina zuk utz itzazu nire esku, zigortzera joango naizenerako.

11. Menperagaitzei, ordea, ez barkatu: errauts itzazu eta harrapatu dena lurralde osoan.

12. Neure biziarengatik eta neure erregetzaren indarrarengatik, hala esan dut eta hala egingo!

13. Zuk ez hautsi zeure jaunak emandako agindu bat ere: bete denak nik agindu bezala, hutsik egin gabe, eta ez luzatu betetzea».

14. Bere jaunaren aurretik alde egitean, Holofernesek dei egin zien asiriarren gudarosteko buruzagi, gudalburu eta ofizial guztiei.

15. Eta bere jaunak agindu bezala, aukerako ehun eta hogei mila gudari eta hamabi mila zaldun arkulari hautatu zituen gudurako,

16. eta gudari-taldetan antolatu.

17. Gamelu, asto eta mando ugari hartu zuen tresneria eramateko, eta ezin zenbatu ahalako ardi-, idi- eta ahuntz-multzoa haragitarako,

Irakurri kapitulu osoa Judit 2