Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 2:12-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

12. Neure biziarengatik eta neure erregetzaren indarrarengatik, hala esan dut eta hala egingo!

13. Zuk ez hautsi zeure jaunak emandako agindu bat ere: bete denak nik agindu bezala, hutsik egin gabe, eta ez luzatu betetzea».

14. Bere jaunaren aurretik alde egitean, Holofernesek dei egin zien asiriarren gudarosteko buruzagi, gudalburu eta ofizial guztiei.

15. Eta bere jaunak agindu bezala, aukerako ehun eta hogei mila gudari eta hamabi mila zaldun arkulari hautatu zituen gudurako,

16. eta gudari-taldetan antolatu.

17. Gamelu, asto eta mando ugari hartu zuen tresneria eramateko, eta ezin zenbatu ahalako ardi-, idi- eta ahuntz-multzoa haragitarako,

18. eta hornidura asko gudari bakoitzarentzat; baita urre eta zilar ugari ere erregearen jauregitik.

19. Abiatu zen Holofernes bere gudaroste osoarekin, Nabukodonosor erregearen etorrera prestatzera. Eufrates ibaitik mendebaldera zeuden lurralde guztiak hartu behar zituen bere guda-gurdi, zaldun eta aukerako gudariekin.

20. Jende-multzo izugarria ere bildu zitzaien, larrapote-piloa bezain ugaria, basamortuko hondarra bezain kontaezina.

21. Ninivetik atera eta hiru eguneko bidea egin zuten Bektileteko lautadarantz. Gero, Bektiletetik alde egin eta Zilizia Garaitik ezkerraldera dagoen menditik hurbil ezarri zuten kanpalekua.

22. Ondoren, bere gudaroste osoa —oinezkoak, zaldizkoak eta guda-gurdiak— hartu eta lurralde menditsura jo zuen Holofernesek.

23. Fud eta Lud eskualdeak hondatu eta gero, basamortuaren aurrean, Keleondik hegoaldera bizi diren rasitarrak eta ismaeldarrak suntsitu zituen.

24. Eta, Eufrates ibaia igaro ondoren, Mesopotamian zehar joan eta Abrona erreka inguruko hiri gotorrak suntsitu zituen, itsasoraino helduz.

25. Iparraldean Ziliziako lurraldeak hartu zituen eta aurre egin ziotenak txikitu; gero, hegoaldera jo eta Arabiaren aurrez aurre zeuden Jafeten lurraldeetaraino heldu zen.

26. Madiandar guztiak inguratu, beraien oihal-etxolak erre eta artaldeak harrapatu zituen.

27. Gari-uzta biltzeko garaian, Damaskoko lautadara jaitsi eta uztei su eman zien, artalde eta behi-taldeak triskatu, hirietan guztia harrapatu, landak soildu eta jende gaztea ezpataz hil zuen.

28. Izugarrizko beldurrak hartu zuen itsasbazterreko jendea; Sidon, Tiro, Sur, Okina, Jamnia, Azoto eta Axkelon hirietako bizilagunak ikaratuak zeuden.

Irakurri kapitulu osoa Judit 2