Itun Zaharra

Itun Berria

Judit 11:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Holofernesek esan zion Juditi: «Izan adore, emakume; ez izan beldurrik, nik ez baitiot kalterik egiten mundu osoko errege den Nabukodonosor zerbitzatu nahi duenari.

2. Lurralde menditsu horretan bizi diren zure herritarrek arbuiatu izan ez banindute, ez niekeen nik erasoko. Baina berek nahi izan dute hori.

3. Esadazu zergatik egin duzun ihes haien artetik eta guregana etorri. Egia esan, horrexek salbatu zaitu. Izan uste on! Zure bizia ez dago arriskuan, ez gaur gauean, ezta gerora ere.

4. Inork ere ez dizu kalterik egingo; alderantziz, ongi hartuko zaitugu, Nabukodonosor erregearen, ene jaunaren, zerbitzariei dagokien bezala».

5. Juditek erantzun zion: «Entzun zure mirabe honek zure aurrean esango dituen hitzak. Gau honetan ez diot ene jaunari inolako gezurrik esango.

6. Zeure mirabe honen aholkuei kasu egiten badiezu, beteko du Jainkoak zuretzat duen asmoa eta ene jaunak ez du huts egingo bere egintzetan.

7. Gora Nabukodonosor, mundu guztiko erregea, eta gora beraren agintea! Berak bidali zaitu bizidun guztiak zentzarazteko. Zuri esker zerbitzatzen dute gizon-emakumeek eta, hori ez ezik, basapiztiak, abereak eta zeruko txoriak ere, zure indarrari esker, Nabukodonosorren eta beronen errege-etxearen menpean biziko dira.

8. Aditu izan dugu zure jakituriaz eta iaiotasunaz mintzatzen, eta toki guztietan esan ohi da hoberena zarela erreinu osoan, jakintza handikoa eta guduetan miresgarria.

9. Guk ere entzun dugu Akiorrek zure kontseiluaren aurrean esandakoa; izan ere, Betuliakoek jaso egin zuten eta zure aurrean esandakoa adierazi zigun berak.

10. Ene jaun eta jabea, ez gutxietsi haren hitzak; izan itzazu gogoan, egia zioen eta. Ezin baitu gure herria inork zigortu, ezta ezpataz menderatu ere, baldin eta berek Jainkoaren kontra bekaturik egiten ez badute.

11. Baina, oraingo honetan ez diote nire jaunari atzera eragingo eta esku-hutsik geldiaraziko; gainera etorriko zaie heriotza, zeren, gaiztakeria egiten duten bakoitzean, Jainkoa haserrarazten baitute; eta, hain zuzen ere, bekatuak menpean hartuak ditu orain:

12. janaririk gabe gelditzean eta ur guztia ahitzean, beren abereak jaten hasteko asmoa dute, baita Jainkoaren legeak debekatuak dituen janariak ere.

Irakurri kapitulu osoa Judit 11