Itun Zaharra

Itun Berria

Job 1:1-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Bazen Utz herrialdean Job izeneko gizon bat. Zintzoa eta zuzena zen, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urruti zebilena.

2. Zazpi seme eta hiru alaba zituen.

3. Zazpi mila ardi, hiru mila gamelu, bostehun idi-pare, bostehun asteme eta zerbitzari ugari ere bazituen. Ekialdean bizi zen gizonik aberatsena zen.

4. Semeek oturuntzak antolatzen zituzten txandaka beren etxeetan, eta arrebak ere gonbidatzen zituzten jan-edan haietara.

5. Jaialdi bakoitzaren amaieran, Jobek semeei dei egiten zien haien garbikuntza egiteko; egunsentian jaiki eta erre-oparia eskaintzen zuen bakoitzarengatik, semeek beharbada bekatu egin eta beren barnean Jainkoa madarikatu izango zutelakoan. Hauxe egiten zuen Jobek aldi bakoitzean.

6. Behin batean, Jaunaren aurrera aurkeztu ziren beraren zeruko zerbitzariak, eta han zen Satan ere.

7. Jaunak Satani esan zion:—Nondik hator?Hark erantzun:—Harat-honat ibili naiz munduan zehar.

8. Jaunak galdetu zion:—Ohartu al haiz Job ene zerbitzariaz? Ez dik parekorik munduan: gizon zintzo eta zuzena duk, Jainkoa errespetatu eta gaiztakeriatik urruti dabilena.

9. Satanek erantzun zion:—Hutsaren truke errespetatzen zaituelakoan ala?

10. Ez al duzu, bada, zeuk ongi babesten bera, beraren etxea eta daukan guztia? Egiten duen guztia bedeinkatzen diozu, eta aziendak ugaritzen ari zaizkio herrialde osoan.

11. Baina luzatu eskua eta uki iezaiozu daukan guztia; baietz madarikatu aurpegira!

12. Jaunak esan zion:—Konforme! Heure esku dituk haren ondasun guztiak, baina ez gero bera ukitu!Orduan, alde egin zuen Satanek.

13. Egun batez, Joben seme-alabak bazkaltzen ari ziren anaia zaharrenaren etxean.

14. Etorri zitzaion mezulari bat Jobi eta esan zion:—Idiak goldean ari ziren eta astemeak inguruan larrean.

15. Sabeo-talde batek, bat-batean etorri, morroiak sarraskitu eta ganadua eraman du. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko.

16. Artean hizketan ari zela, beste batek etorri eta esan zion:—Tximista sartu da eta ardiak eta artzainak kiskali ditu. Neuk bakarrik ihes egin ahal izan dut zuri berria emateko.

Irakurri kapitulu osoa Job 1