Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1:7-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. «Jainko horien mihia artisauak landua da! Urrez eta zilarrez estaliak badaude ere, gezurrezkoak dira eta hitz egiteko gauza ez.

8. Apaingarriak maite dituzten neskatxentzat bezala, urrea hartu

9. eta beren jainkoentzat koroak egiten dituzte. Batzuetan, apaizek beren jainkoei urrea eta zilarra kendu eta beren probetxurako erabiltzen dituzte; emagaldu sakratuei ematera ere ausartzen dira.

10. Urre, zilar eta zurez egindako idoloak jantziz apaintzen dituzte, gizakiak bailiran;

11. baina ez dakite beren buruak pipitik eta herdoiletik zaintzen. Purpurazko jantziak daramatzate idolo horiek,

12. baina aurpegia garbitu beharra izaten dute, hautsez betetzen baitira jauretxean.

13. Bada haien artean, eskualdeko gobernariak bezala, eskuan aginte-makila duenik; baina norbaitek iraintzen badu, ez da gauza erruduna hiltzeko.

14. Bada ezpata eta aizkora eskuan dituenik, baina ez da gauza bere burua gerratik eta lapurrengandik babesteko.«Hor ageri da ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

15. «Hautsitako ontzia ezertarako ez den bezala, jauretxean ezartzen dituzten idoloak ere ez.

16. Horien begiak jauretxean sartzen direnen oinek harrotutako hautsez beteak daude.

17. Erregearen kontra hoben egin duena, heriotzara emateko kartzelan ongi ixten duten bezala, idoloen jauretxeetako ateak ere atalagaz eta morroiloz sendotzen dituzte apaizek, lapurrek eraman ez ditzaten.

18. Beren etxeetan baino kriseilu gehiago pizten dizkiete jainkoei, hauek deus ere ikusten ez duten arren.

19. Barrutik sitsak janda daudela dioten jauretxeko habeak bezala dira: beren jantzi eta guzti sitsak janda ere, ez dira konturatzen.

Irakurri kapitulu osoa Jeremiasen Gt. 1