Kapituluak

  1. 1

Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Idolatriaren aurka

1. «Babiloniako errege Nabukodonosorrek bere herrialdera eramango zaituzte Jainkoaren kontra egin dituzuen bekatuengatik.

2. Babiloniara iritsirik, urte asko egin beharko duzue han, denboraldi luzea, zazpi belaunaldi bete arte; ondoren, bakean aterako zaituzte handik Jainkoak.

3. Babilonian, zilar, urre eta zurezko jainkoak bizkarrean prozesioan eramaten ikusiko dituzue; irudi horiek beldurra ematen diete jentilei.

4. Zuek kontuz ibili! Ez jokatu atzerritarrek bezala, ez dadila jainko horien beldurra zuetaz jabetu.

5. Jendetza gurtza emateko berorien inguruan pilatzen dela ikustean, esan zeuen baitan: “Zuri bakarrik, Jauna, zor zaizu gurtza!”

6. Zuekin dago Jainkoaren aingerua eta bera arduratuko da zuetaz.

7. «Jainko horien mihia artisauak landua da! Urrez eta zilarrez estaliak badaude ere, gezurrezkoak dira eta hitz egiteko gauza ez.

8. Apaingarriak maite dituzten neskatxentzat bezala, urrea hartu

9. eta beren jainkoentzat koroak egiten dituzte. Batzuetan, apaizek beren jainkoei urrea eta zilarra kendu eta beren probetxurako erabiltzen dituzte; emagaldu sakratuei ematera ere ausartzen dira.

10. Urre, zilar eta zurez egindako idoloak jantziz apaintzen dituzte, gizakiak bailiran;

11. baina ez dakite beren buruak pipitik eta herdoiletik zaintzen. Purpurazko jantziak daramatzate idolo horiek,

12. baina aurpegia garbitu beharra izaten dute, hautsez betetzen baitira jauretxean.

13. Bada haien artean, eskualdeko gobernariak bezala, eskuan aginte-makila duenik; baina norbaitek iraintzen badu, ez da gauza erruduna hiltzeko.

14. Bada ezpata eta aizkora eskuan dituenik, baina ez da gauza bere burua gerratik eta lapurrengandik babesteko.«Hor ageri da ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

15. «Hautsitako ontzia ezertarako ez den bezala, jauretxean ezartzen dituzten idoloak ere ez.

16. Horien begiak jauretxean sartzen direnen oinek harrotutako hautsez beteak daude.

17. Erregearen kontra hoben egin duena, heriotzara emateko kartzelan ongi ixten duten bezala, idoloen jauretxeetako ateak ere atalagaz eta morroiloz sendotzen dituzte apaizek, lapurrek eraman ez ditzaten.

18. Beren etxeetan baino kriseilu gehiago pizten dizkiete jainkoei, hauek deus ere ikusten ez duten arren.

19. Barrutik sitsak janda daudela dioten jauretxeko habeak bezala dira: beren jantzi eta guzti sitsak janda ere, ez dira konturatzen.

20. Jauretxeko keak belzturik dauzkate aurpegiak.

21. Haien gorputz eta buruan hontz, enara eta bestelako txoriak pausatzen dira; katuak ere hurbiltzen zaizkie.

22. «Horregatik jakingo duzue ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

23. «Apaintzeko, urrez estaliak daude idoloak; baina urreari herdoila ez badiote kentzen, ez dute distiratzen. Urtu zituztenean ere, ez zuten ezer sentitu.

24. Kosta ahala kosta erosten dituzte, bizi-arnasarik ez izan arren.

25. Oinik ere ez dutelako, bizkarrean eraman behar izaten dituzte, guztiei erakutsiz zein mespretxagarri diren; hori dela eta, gurtzaileak berak ere lotsatu egiten dira.

26. Izan ere, inoiz lurrera erortzen badira, ezin jaiki dira beren kasa; zutik jartzen badituzte, ezin egin zirkinik; etzanik badaude, ezin zutitu beren kasa. Horiei opariak eskaintzea, hildakoei eskaintzea bezala da.

27. Sakrifizioetako oparigaiak saldu egiten dituzte apaizek beren irabazirako; emazteek, berriz, oparigaien zati bat gazitu egiten dute gordetzeko, behartsuei eta gaixoei ezer banatu gabe.

28. Oparigaiok haur egin berri diren nahiz hilerokoarekin kutsatuta dauden emakumeek ere ukitu ohi dituzte.«Beraz, jainko ez direla jakinik, ez izan horien beldur!

29. «Orduan, nolatan deitu jainko? Emakumeek ere opariak eskaintzen dizkiete urre, zilar eta zurezko idolo horiei.

30. Apaizek gurdiak garraiatzen dituzte jauretxean. Jantziak urraturik, kaskamotz, bizargabe eta buru hutsik,

31. garrasiak botatzen dituzte eta oihuka ibiltzen dira beren jainkoen aurrean, hileta-afarietan egin ohi den bezala.

32. Beren idoloei kendutako arropaz janzten dituzte apaizek emazte eta seme-alabak.

33. Mesede edo kalte eginda ere, idoloek ezin ordainik eman. Ez dute ahalmenik norbait errege egiteko, ezta kentzeko ere.

34. Era berean, ezin eman inori aberastasunik, ez dirurik. Norbaitek zin egindakoa betetzen ez badu ere, ezin diote konturik eskatu.

35. Ezin dute inor heriotzatik libratu, ezta gizagaixorik ere ahaltsuaren atzaparretatik.

36. Ezin diote itsuari ikusmena eman, ezta inor estuasunetik atera ere.

37. Ez dute alargunaren errukirik eta ez diote laguntzen umezurtzari.

38. Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska horiek menditik ateratako harrien antzeko dira; horien gurtzaileak lotsaturik gertatuko dira.

39. Nola pentsa edo esan jainko direla?

40. «Are gehiago, babiloniarrek berek ere desohoratu egiten dituzte. Muturen bat ikustean, beren jainko Bel-engana eramaten dute eta mintzoa emateko eskatzen, jainko hori ulertzeko gauza izango balitz bezala.

41. Baina ezer ez dutela egiten oharturik ere, ezin dituzte utzi horrelako jainkoak; ez dute horretarako bururik.

42. Emakumeak, gerrian soka jantzirik, bide-bazterretan esertzen dira zahia errez.

43. Bertatik igarotzean, norbaitek emakume bat hartu eta berarekin etzaten bada, delako emakume horrek aldamenekoari iseka egiten dio, bera bezala aukeratu ez dutelako eta gerriko soka eten ez diotelako.

44. Jainko horiekin zerikusia duen guztia gezur hutsa da. Nola, bada, pentsa edo esan jainko direla?

45. «Idoloak artisauek eta zilarginek landuak dira; ez dira, beraz, beraien egileek izatea nahi dutena besterik.

46. Egileak berak ere luzaro bizi ez badira,

47. beraiek egindakoak nola izan jainko? Gezurra eta iraina uzten dizkiete ondorengoei.

48. Gerra edo beste zoritxarren bat sortzean, apaizek elkarrekin erabakitzen dute beren idoloekin non ezkutatu.

49. Nola ez konturatu ez direla jainko, beren burua gerratik eta zoritxarretik libratzeko gauza ez badira?

50. Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska baizik ez dira. Egunen batean jakingo da gezur huts direla. Garbi geldituko da herri eta errege guztientzat ez direla jainko, gizakien eskulan baizik.

51. Nork ez ikusi, bada, ez direla jainko?

52. «Ezin diote erregerik sortu inongo herriri, ezta euririk eman ere gizakiei;

53. ezin dituzte giza arazoak erabaki, ezta bidegabekeria jasan duenari justizia egin ere, ahalgabeak baitira; airean jirabiraka dabiltzan belatxingak bezala dira.

54. Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko jainko horien jauretxeak su hartzen badu, apaizek ihesari emango diote salbatzeko; idoloak, berriz, habeak bezala erre egingo bertan.

55. Ezin diote aurre egin, ez erregeari, ez etsaiei.

56. Nola, bada, onartu edo sinetsi jainko direla?«Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak ezin dira lapur eta gaiztaginengandik libratu.

57. Berak baino indartsuagoak dira lapurrak: urrea, zilarra eta jantziak harrapaturik, alde egiten dute, eta idoloek ezin ezer egin beren buruak babesteko.

58. Gezurrezko jainko horiek baino hobea da bere adorea erakusten duen erregea edo jabeari lagungarri zaion etxeko tresna erabilgarri bat; hobe gezurrezko jainkoak baino etxe barruko guztia babesten duen atea edo jauregiko zurezko habea.

59. «Eguzki, ilargi eta izarrek distira egiten dute eta esaneko dira eman zaien eginkizuna betetzen.

60. Oinaztarria, argi egitean, nabarmen ikusten da; haizeak inguru guztian jotzen du;

61. Jainkoak agintzean, hodeiek lur osoa estaltzen dute eta agindutakoa betetzen.

62. Berdin tximistak ere: mendiak eta basoak kiskaltzera goitik bidalia denean, bete egiten du agindutakoa. Idoloak, berriz, ez dira horien guztien pareko, ez itxuraz, ez indarrez.

63. Beraz, ezin pentsa edo esan jainko direla, gizakiei justizia edo ona egiteko ez baitira gauza.

64. «Beraz, jainko ez direla jakinik, ez izan horien beldur!

65. «Ezin dute idoloek erregerik bedeinkatu, ez madarikatu.

66. Ezin diete herriei zeruan ezaugarririk erakutsi, ez eguzkiak bezala distiratu, ezta ilargiak bezala gaua argitu ere.

67. Piztiek beraiek ere idoloek baino gehiago balio dute: badakite behintzat, gordelekura ihes eginez, beren buruak babesten.

68. «Ez dago, beraz, ezer jainko direla frogatzen duenik; ez izan, bada, horien beldur!

69. «Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak meloi-soroko txorimaloak bezala dira: ez dira ezer zaintzeko gauza.

70. Txorien kokaleku den baratzeko elorria bezala dira edota ilunpera jaurtitako gorpuak bezala.

71. Haien jantzietako purpura eta lihoa hondatzen ikustean, jakingo duzue ez direla egiazko jainko. Beraiek ere, azkenean, sitsak jango ditu eta herrialde guztiarentzat lotsagarri izango.

72. «Beraz, hobe da idolorik ez duen gizon zintzoa: ez da inoiz lotsagarri gertatuko».