Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1:48-61 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

48. Gerra edo beste zoritxarren bat sortzean, apaizek elkarrekin erabakitzen dute beren idoloekin non ezkutatu.

49. Nola ez konturatu ez direla jainko, beren burua gerratik eta zoritxarretik libratzeko gauza ez badira?

50. Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska baizik ez dira. Egunen batean jakingo da gezur huts direla. Garbi geldituko da herri eta errege guztientzat ez direla jainko, gizakien eskulan baizik.

51. Nork ez ikusi, bada, ez direla jainko?

52. «Ezin diote erregerik sortu inongo herriri, ezta euririk eman ere gizakiei;

53. ezin dituzte giza arazoak erabaki, ezta bidegabekeria jasan duenari justizia egin ere, ahalgabeak baitira; airean jirabiraka dabiltzan belatxingak bezala dira.

54. Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko jainko horien jauretxeak su hartzen badu, apaizek ihesari emango diote salbatzeko; idoloak, berriz, habeak bezala erre egingo bertan.

55. Ezin diote aurre egin, ez erregeari, ez etsaiei.

56. Nola, bada, onartu edo sinetsi jainko direla?«Urrez eta zilarrez estaliriko zurezko idoloak ezin dira lapur eta gaiztaginengandik libratu.

57. Berak baino indartsuagoak dira lapurrak: urrea, zilarra eta jantziak harrapaturik, alde egiten dute, eta idoloek ezin ezer egin beren buruak babesteko.

58. Gezurrezko jainko horiek baino hobea da bere adorea erakusten duen erregea edo jabeari lagungarri zaion etxeko tresna erabilgarri bat; hobe gezurrezko jainkoak baino etxe barruko guztia babesten duen atea edo jauregiko zurezko habea.

59. «Eguzki, ilargi eta izarrek distira egiten dute eta esaneko dira eman zaien eginkizuna betetzen.

60. Oinaztarria, argi egitean, nabarmen ikusten da; haizeak inguru guztian jotzen du;

61. Jainkoak agintzean, hodeiek lur osoa estaltzen dute eta agindutakoa betetzen.

Irakurri kapitulu osoa Jeremiasen Gt. 1