Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1:32-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

32. Beren idoloei kendutako arropaz janzten dituzte apaizek emazte eta seme-alabak.

33. Mesede edo kalte eginda ere, idoloek ezin ordainik eman. Ez dute ahalmenik norbait errege egiteko, ezta kentzeko ere.

34. Era berean, ezin eman inori aberastasunik, ez dirurik. Norbaitek zin egindakoa betetzen ez badu ere, ezin diote konturik eskatu.

35. Ezin dute inor heriotzatik libratu, ezta gizagaixorik ere ahaltsuaren atzaparretatik.

36. Ezin diote itsuari ikusmena eman, ezta inor estuasunetik atera ere.

37. Ez dute alargunaren errukirik eta ez diote laguntzen umezurtzari.

38. Urrez eta zilarrez estaliriko egur-puska horiek menditik ateratako harrien antzeko dira; horien gurtzaileak lotsaturik gertatuko dira.

39. Nola pentsa edo esan jainko direla?

40. «Are gehiago, babiloniarrek berek ere desohoratu egiten dituzte. Muturen bat ikustean, beren jainko Bel-engana eramaten dute eta mintzoa emateko eskatzen, jainko hori ulertzeko gauza izango balitz bezala.

41. Baina ezer ez dutela egiten oharturik ere, ezin dituzte utzi horrelako jainkoak; ez dute horretarako bururik.

42. Emakumeak, gerrian soka jantzirik, bide-bazterretan esertzen dira zahia errez.

43. Bertatik igarotzean, norbaitek emakume bat hartu eta berarekin etzaten bada, delako emakume horrek aldamenekoari iseka egiten dio, bera bezala aukeratu ez dutelako eta gerriko soka eten ez diotelako.

44. Jainko horiekin zerikusia duen guztia gezur hutsa da. Nola, bada, pentsa edo esan jainko direla?

45. «Idoloak artisauek eta zilarginek landuak dira; ez dira, beraz, beraien egileek izatea nahi dutena besterik.

Irakurri kapitulu osoa Jeremiasen Gt. 1