Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremiasen Gt. 1:14-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Bada ezpata eta aizkora eskuan dituenik, baina ez da gauza bere burua gerratik eta lapurrengandik babesteko.«Hor ageri da ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

15. «Hautsitako ontzia ezertarako ez den bezala, jauretxean ezartzen dituzten idoloak ere ez.

16. Horien begiak jauretxean sartzen direnen oinek harrotutako hautsez beteak daude.

17. Erregearen kontra hoben egin duena, heriotzara emateko kartzelan ongi ixten duten bezala, idoloen jauretxeetako ateak ere atalagaz eta morroiloz sendotzen dituzte apaizek, lapurrek eraman ez ditzaten.

18. Beren etxeetan baino kriseilu gehiago pizten dizkiete jainkoei, hauek deus ere ikusten ez duten arren.

19. Barrutik sitsak janda daudela dioten jauretxeko habeak bezala dira: beren jantzi eta guzti sitsak janda ere, ez dira konturatzen.

20. Jauretxeko keak belzturik dauzkate aurpegiak.

21. Haien gorputz eta buruan hontz, enara eta bestelako txoriak pausatzen dira; katuak ere hurbiltzen zaizkie.

22. «Horregatik jakingo duzue ez direla jainko; ez izan, beraz, horien beldur!

23. «Apaintzeko, urrez estaliak daude idoloak; baina urreari herdoila ez badiote kentzen, ez dute distiratzen. Urtu zituztenean ere, ez zuten ezer sentitu.

24. Kosta ahala kosta erosten dituzte, bizi-arnasarik ez izan arren.

25. Oinik ere ez dutelako, bizkarrean eraman behar izaten dituzte, guztiei erakutsiz zein mespretxagarri diren; hori dela eta, gurtzaileak berak ere lotsatu egiten dira.

26. Izan ere, inoiz lurrera erortzen badira, ezin jaiki dira beren kasa; zutik jartzen badituzte, ezin egin zirkinik; etzanik badaude, ezin zutitu beren kasa. Horiei opariak eskaintzea, hildakoei eskaintzea bezala da.

Irakurri kapitulu osoa Jeremiasen Gt. 1