Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 7:1-2-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1-2. Jaunak agindu zion Jeremiasi tenpluko sarrerara joateko eta Jauna gurtzera tenplura sartzen ziren judatar guztiei mezu hau hots egiteko:

3. «Honela dio Jaun ahalguztidunak, Israelgo Jainkoak: Zuzendu zeuen jokabidea eta egintzak, eta zuekin biziko naiz toki honetan.

4. Ez fidatu, “Jaunaren tenplua, Jaunaren tenplua” errepikatuz engainatzen zaituzteten horietaz.

5. «Baina zeuen jokabidea eta egintzak benetan zuzentzen badituzue, gizarte-harremanetan justizia defendatzen baduzue,

6. arrotza, umezurtza eta alarguna esplotatzen ez badituzue, lurralde honetan odol errugaberik isurtzen ez baduzue eta, zeuen buruari kalte eginez, beste jainkoen ondoren ibiltzen ez bazarete,

7. orduan, zuekin biziko naiz toki honetan, zuen gurasoei aspaldidanik eta betiko eman nien lurraldean.

8. «Ezertarako ez diren gezurrezko arrazoietan sinesten duzue.

9. Izan ere, lapur, hiltzaile eta adulteriogile izan, gezurretan zin egin, Baali intsentsua erre, zuekin zerikusirik ez duten jainko arrotzen atzetik ibili

10. eta, ondoren, nire aurrera zatozte, niri sagaratua dagoen tenplu honetara, “Seguru gaude” esaten duzuela, segidan egintza higuingarri guztiok egiten jarraitzeko.

11. Lapur-zulotzat ote daukazue niri sagaratua dagoen tenplu hau? Horixe da, hain zuzen ere, ikusten ari naizena. Hala diot nik, Jaunak.

12. Zoazte, bada, Xiloko nire santutegira, antzina nire egoitza izateko aukeratu nuen tokira; ikusi zer egin nion, neure herri Israelen gaiztakeriagatik.

13. Orain, bada, gaiztakeria hauek egin dituzuelako, nik etengabe hitz egin baina zuek entzun ez eta nik dei egin baina zuek erantzun ez didazuelako, hona nik, Jaunak, esan:

14. Xiloko santutegiari egin niona bera egingo diet niri sagaratua dagoen eta zuen segurtasunaren euskarri den tenplu honi eta zuen gurasoei eta zeuei eman nizuen lurralde honi:

15. jaurti egingo zaituztet neure aurretik, lehen zuen senideak, Efraimen ondorengoak, jaurti nituen bezala.

16. «Zuk, ordea, Jeremias, ez eskatu herri honen alde, ez egin erregurik, ez otoitzik. Ez etorri arrenka niregana, ez dizut entzungo eta.

17. Ez al duzu ikusten zertan ari diren Judako hirietan eta Jerusalemgo kaleetan?

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 7