Itun Zaharra

Itun Berria

Jeremias 36:14-26 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

14. Orduan, Nataniasen seme Jehudi bidali zuten Barukengana —Natanias, Xelemiasen seme eta Kuxiren biloba zen—, herriaren aurrean irakurritako erroiluarekin etortzeko esatera. Erroilua hartu eta haien aurrean aurkeztu zenean,

15. esan zioten:—Eser zaitez eta irakurri liburua gure aurrean.Hala egin zuen Barukek.

16. Hitz haiek entzutean, izuak jota, esan zioten elkarri:—Hau guztia erregeari adierazi beharra dugu derrigorrez.

17. Gero, Baruki esan zioten:—Esaguzu nola idatzi duzun hori guztia.

18. Barukek erantzun zien:—Jeremiasek berak esan dizkit banan-banan hitz guztiok eta nik liburuan idatzi ditut tintaz.

19. Orduan, funtzionarioek esan zioten:—Zoaz eta ezkutatu Jeremias eta biok, eta ez dezala jakin inork ere non zaudeten.

20. Goi-funtzionarioak, liburua Elixama idazkariaren gelan utzirik, jauregira joan ziren erregeari arazoaren berri ematera.

21. Erregeak Jehudi bidali zuen Elixamaren gelatik liburua ekartzera. Jehudik liburua ekarri eta irakurri egin zuen erregearen eta inguruan zituen funtzionarioen aurrean.

22. Negua zen, bederatzigarren hila, eta erregea neguko gelan zegoen eserita, su-ontzia pizturik aurrean zuela.

23. Jehudik hiruzpalau orrialde irakurtzen zitueneko, erregeak aiztoz moztu eta sutara botatzen zituen, erroilu guztia sutan erre arte.

24. Hitz haiek ez zien zirrararik egin, ez zuten damu-keinurik ere azaldu, ez erregeak, ez funtzionarioek.

25. Eta Elnatanek, Delaiasek eta Gemariasek liburua ez erretzeko eskatu zioten arren, erregeak ez zien aditu nahi izan.

26. Aitzitik, Jeremias profeta eta Baruk idazkaria atxilotzeko agindu zien erregeak Jerahmeel errege-familiako printzeari, Azrielen seme Seraiasi eta Abdeelen seme Xelemiasi. Baina Jaunak ezkutuan jarriak zituen.

Irakurri kapitulu osoa Jeremias 36