Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 34:6-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!

7. Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».

8. Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zen Moises,

9. eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».

10. Jaunak esan zuen: «Begira, ituna egingo dut orain zure herri osoarekin. Lurreko inongo herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak egingo ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izugarria baita zure bitartez egingo dudana.

11. «Bete ezazue gaur agintzen dizuedana, eta neuk botako ditut zuen aurretik amortar, kanaandar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.

12. «Ez gero hitzarmenik egin sartuko zareten lurraldeko biztanleekin, erorbide gerta ez dakizuen.

13. Aitzitik, bota itzazue haien aldareak, apurtu zutarri sakratuak eta hautsi zutoin sakratuak.

14. Ez ahuspeztu beste jainkoen aurrean, Jauna jeloskorra baita eta Jainko jeloskor du izena.

15. Bestela, zuek lurralde hartako biztanleekin hitzarmena egingo bazenute, haiek, beren sasikultuak egitean eta beren jainkoei opariak eskaintzean, zuek ere gonbidatuko zintuzketete eta haien oparietatik jango zenukete;

16. edota zeuen semeak haien alabekin ezkonduko zenituzkete, eta hauek, beren jainkoen ohorez kultua egitean, zuen semeak ere sasikultura erakarriko lituzkete.

17. «Ez egin metal urtuzko idolorik.

18. «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia: nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik.

19. «Zuen lehen-semeak oro nireak dira, baita lehen abere-kume arrak ere, zekor nahiz arkume.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 34