Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 34:18-30 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

18. «Ospatu Legamia gabeko Ogien Jaia: nik agindu bezala, zazpi egunez legamia gabeko ogia jango duzue, Abib hilean, ezarritako egunetan, hil horretan atera baitzineten Egiptotik.

19. «Zuen lehen-semeak oro nireak dira, baita lehen abere-kume arrak ere, zekor nahiz arkume.

20. Lehen-astakumea arkume edo antxumearekin trukatuko duzue; trukatzen ez baduzue, hil egingo duzue, lepoa hautsiz. Zuen lehen-semeak oro berreskuratu egingo dituzue, ordezko eskaintza eginez. Ez da inor nire aurrera esku-hutsik agertuko.

21. «Egin lan sei egunez, baina hartu atseden zazpigarrenean, baita ereintza-garaian eta uztaroan ere.

22. «Ospatu Asteen Jaia, gari-uztaren lehen fruituena eta urteburuko uzta-biltzearena.

23. «Gizaseme guztiak urtean hiru aldiz aurkeztuko dira Israelgo Jainko Jaunaren aurrera.

24. «Zuen aurretik bota egingo ditut atzerritarrak, eta zuen lurraldea hedatuko. Horrezkero, ez du inork zuen lurraldeaz jabetzeko irrikarik izango, zeuen Jainko Jaunaren aurrean urtean hiru aldiz aurkeztuko zaretenean.

25. «Ez eskaini sakrifizioetako abere-odolik ogi harrotuarekin batera, ezta gorde ere hurrengo egunerako Pazko-jaiko abere hilik.

26. «Eraman zeuen lurreko lehen fruituak Jaunaren, zeuen Jainkoaren, etxera.«Ez egosi antxumerik bere amaren esnetan».

27. Jaunak esan zion Moisesi: «Idatzi agindu horiek, horiek baitira zurekin eta israeldarrekin egiten dudan itunaren muina».

28. Berrogei egun eta berrogei gau egon zen Moises mendian Jaunarekin. Ez zuen ezer jan, ez edan. Han idatzi zituen harlauzetan itunaren xedapenak, hamar aginduak.

29. Ondoren, Moises Sinai menditik jaitsi zen, legearen bi harlauzak eskuan zeramatzala. Ez zekien aurpegia distiratsu zuenik, Jaunarekin mintzatu izanagatik.

30. Aaronek eta israeldar guztiek ikusi zuten Moisesek aurpegia distiratsu zuela, eta beldur ziren harengana hurbiltzeko.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 34