Itun Zaharra

Itun Berria

Irteera 34:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Jaunak esan zion Moisesi: «Ebaki lehengoak bezalako beste bi harlauza, hautsi zenituen harlauzetan idatzirik zeuden hitz berberak idatz ditzadan.

2. Egon prest bihar goizean mendira igotzeko; nire aurrean aurkeztuko zara han, mendi-gailurrean.

3. Ez dadila inor zurekin igo, ezta agertu ere mendi aldera; ez dadila ardi nahiz behirik larrean ibil mendi inguruan».

4. Moisesek lehengoak bezalako bi harlauza ebaki zituen. Eta biharamunean, goizean goiz, harlauza biak harturik, Sinai mendira igo zen, Jaunak agindu bezala.

5. Orduan, Jainko Jauna laino batean jaitsi eta Moisesekin egon zen, eta bere izena hots egin zuen: «Jauna».

6. Moisesen aurretik igaro zen, honela hots eginez: «Jauna! Jauna! Jainko bihozbera eta errukiorra, haserregaitza eta onginahiz eta leialtasunez betea!

7. Mila belaunalditaraino onginahiari eusten diona; gaiztakeria, errebeldia eta bekatua barkatzen dituena; ez, ordea, erruduna zigor gabe uzten, baizik eta gurasoen gaiztakeria seme-alabengan eta seme-alaben seme-alabengan zigortzen duena, hirugarren eta laugarren belaunaldiraino».

8. Bat-batean, lurreraino ahuspeztu zen Moises,

9. eta esan zuen: «Jauna, gogoko banauzu, zatoz gurekin, arren! Herri hau burugogorra da, bai; baina zuk barkatu gure gaiztakeria eta bekatua, eta har gaitzazu zeure ondaretzat».

10. Jaunak esan zuen: «Begira, ituna egingo dut orain zure herri osoarekin. Lurreko inongo herritan gertatu ez diren bezalako gauza harrigarriak egingo ditut, eta inguruan duzun herri osoak ikusiko du Jaunak egin dezakeena, izugarria baita zure bitartez egingo dudana.

11. «Bete ezazue gaur agintzen dizuedana, eta neuk botako ditut zuen aurretik amortar, kanaandar, hitita, periztar, hibiar eta jebustarrak.

Irakurri kapitulu osoa Irteera 34