Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 9:7-13 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menderatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibualdia, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera.

8. Baina orain, une batez, mesede egin diguzu, Jauna, geure Jainkoa: herriaren zati bat bizirik atera duzu eta zure toki santuan bizitzen utzi diguzu; gure Jainkoa, argitu egin dituzu gure begiak eta arnasa eman geure esklabotzan.

9. Esklabo baikara; baina zuk ez gaituzu bazter utzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geureganatu diguzu; biziberritu egin gaituzu, gure Jainko horren etxea eraiki eta berorren horma eroriak jasotzeko, Judan eta Jerusalemen babesa aurki dezagun.

10. «Eta orain, gure Jainko, zer esan hori guztia ikusita? Bazter utzi ditugu zure aginduak,

11. zure zerbitzari profeten bidez emanak. Haiek esan baitziguten: “Orain jabetzan hartzeko zaudeten lurraldea kutsaturik dago, bertako herriek beren erlijio-ohitura higuingarriez bete baitute eta kutsatu.

12. Beraz, ez ezkondu haiekin zeuen seme-alabak, ez egin bakeak behin ere haiekin, ez bila haien onik; horrela, indartsu izango zarete, zeuenak izango dituzue lurreko ondasunak eta lurraldea zeuen seme-alabei utziko diezue betiko ondaretzat”.

13. Zorigaitz guztiak geure egintza gaizto eta erru handiengatik gertatu zaizkigu. Hala ere, zuk, gure Jainko horrek, gure bekatuek merezi baino gutxiago zigortu gaituzu, eta bizirik atera gaituzu hemen gaudenok.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 9