Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 9:1-9 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Geroago, buruzagi batzuek hurbildu eta esan zidaten: «Israel herria, apaizak eta lebitarrak nahastu egin dira lurralde honetako jendearekin: kanaandar, hitita, periztar, jebustar, amondar, moabdar, egiptoar eta amortarrekin, eta berauen erlijio-ohitura higuingarrietan erori dira.

2. Emazte atzerritarrak hartu dituzte berentzat eta beren semeentzat; arraza santua lurralde honetako jendearekin nahastu da. Buruzagiak eta handikiak izan dira lehenengoak desleialtasun honetan».

3. Gauza hauek entzutean, urratu egin nituen neure jantziak eta soingainekoa, moztu ilea eta bizarra, eta lur jota gelditu nintzen.

4. Erbestetik etorritakoen desleialtasuna izugarria zela eta, Israelen Jainkoaren hitzari begirune zioten guztiak nire ondoan bildu ziren. Ni, lur jota, eserita egon nintzen arratsaldeko oparia arte.

5. Arratsaldeko opari-garaian atera nintzen nahigabealditik; soinekoa eta soingainekoa urraturik nituela, belauniko jarri eta Jaunarengana, neure Jainkoarengana, luzatu nituen eskuak,

6. eta esan nion: «Ene Jainko, lotsa gorrian nago begiak zuregana jasotzeko; geure bekatuek buruz gain egin digute eta gure errua zerurainokoa da.

7. Gure gurasoen egunetatik gaurdaino handia izan da gure errua; geure bekatuengatik, atzerriko erregeek menderatu egin gaituzte geu eta gure errege eta apaizak; ezpata eta gatibualdia, harrapakeria eta lotsa gorria jasan behar izan dugu, eta horixe da gaurko gure egoera.

8. Baina orain, une batez, mesede egin diguzu, Jauna, geure Jainkoa: herriaren zati bat bizirik atera duzu eta zure toki santuan bizitzen utzi diguzu; gure Jainkoa, argitu egin dituzu gure begiak eta arnasa eman geure esklabotzan.

9. Esklabo baikara; baina zuk ez gaituzu bazter utzi geure esklabotzan. Pertsiako erregeen onginahia geureganatu diguzu; biziberritu egin gaituzu, gure Jainko horren etxea eraiki eta berorren horma eroriak jasotzeko, Judan eta Jerusalemen babesa aurki dezagun.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 9