Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 8:24-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. Gero, apaizburuetako hamabi aukeratu nituen; baita Xerebias eta Haxabias ere, beren hamar ahaideekin.

25. Eta haien aurrean pisatu nituen, erregeak, beronen kontseilari eta buruzagiek eta Babilonian bizi ziren israeldarrek gure Jainkoaren etxerako eman zituzten zilar, urre eta ontziak.

26. Hogeita biren bat mila kilo zilar, zilarrezko ehun ontzi eta hiru mila eta laurehunen bat kilo urre pisatu eta eskuratu nizkien;

27. gainera, urrezko hogei kopa, zortzi kilo eta erdi guztira, eta brontze garbizko bi ontzi, urrea bezain baliotsuak.

28. Eta esan nien: «Jaunari sagaratuak zarete; baita ontzi hauek ere; urre eta zilar hauek jendeak bere borondatez zuen gurasoen Jainko Jaunari eskainiak dira.

29. Zaindu eta gorde, Jerusalemera iritsi eta Jaunaren etxeko aretoetan, apaiz, lebitar eta Israelgo familiaburuen aurrean pisatuko dituzuen arte».

30. Orduan, apaizek eta lebitarrek hartu egin zituzten pisaturiko zilarra, urrea eta ontziak, Jerusalemera, gure Jainkoaren etxera, eramateko.

31. Lehenengo hilaren hamabian abiatu ginen Ahaba ibaitik Jerusalemera. Jainkoa lagun baikenuen, onik atera gintuen etsai eta bidelapurrengandik.

32. Jerusalemera iritsi eta hiru egunez atseden hartu genuen.

33. Laugarren egunean pisatu genituen zilarra, urrea eta ontziak geure Jainkoaren etxean, eta Uriasen seme Meremot apaizaren esku utzi genituen; Uriasekin zeuden Pinhasen seme Eleazar eta Josueren seme Jozabad eta Binuiren seme Noadias lebitarrak ere.

34. Guztia zenbatu eta pisatu ondoren, idatziz jasoa gelditu zen.

35. Gatibualditik zetozen erbesteratuek erre-opariak eskaini zizkioten Israelgo Jainkoari: hamabi zezen Israel osoaren alde, laurogeita hamasei ahari, hirurogeita hamazazpi bildots eta hamabi aker bekatuen barkamenerako: guztiak Jaunari erre-oparitzat eskainiak.

36. Gero, errege-funtzionario eta Eufrates ibaiaren mendebaldeko gobernariei erregearen erabakiak eman zizkieten, eta haiek herriari eta Jainkoaren etxeari laguntza handiak eman zizkieten.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 8