Itun Zaharra

Itun Berria

Esdras 8:19-34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Haxabias eta Isaias ere, Merariren semeak, bidali zizkiguten, beren seme eta anaiekin; guztira hogei lagun;

20. azkenik, lebitarren zerbitzurako Davidek eta buruzagiek emandako laguntzaileen artetik berrehun eta hogei. Denen izenak idatziak gelditu ziren.

21. Hantxe, Ahaba ibaiaren ondoan, baraua aldarrikatu nuen, gure Jainkoaren aurrean geure buruak apaltzearren, geuk eta gure seme-alabek, geure ondasun eta guzti, bidaia ona egin ahal genezan.

22. Lotsatu egiten bainintzen, bidean etsaiengandik babesteko, erregeari gudari-talde bat eta zaldizkoak eskatzen; izan ere, esana genion erregeari: «Laguntzen die gure Jainkoak bera zerbitzatzen dutenei, baina biziki haserretzen da bera bazter uzten dutenekin».

23. Gure Jainkoari mesede hau eskatuz egin genuen barau, eta entzun egin zigun.

24. Gero, apaizburuetako hamabi aukeratu nituen; baita Xerebias eta Haxabias ere, beren hamar ahaideekin.

25. Eta haien aurrean pisatu nituen, erregeak, beronen kontseilari eta buruzagiek eta Babilonian bizi ziren israeldarrek gure Jainkoaren etxerako eman zituzten zilar, urre eta ontziak.

26. Hogeita biren bat mila kilo zilar, zilarrezko ehun ontzi eta hiru mila eta laurehunen bat kilo urre pisatu eta eskuratu nizkien;

27. gainera, urrezko hogei kopa, zortzi kilo eta erdi guztira, eta brontze garbizko bi ontzi, urrea bezain baliotsuak.

28. Eta esan nien: «Jaunari sagaratuak zarete; baita ontzi hauek ere; urre eta zilar hauek jendeak bere borondatez zuen gurasoen Jainko Jaunari eskainiak dira.

29. Zaindu eta gorde, Jerusalemera iritsi eta Jaunaren etxeko aretoetan, apaiz, lebitar eta Israelgo familiaburuen aurrean pisatuko dituzuen arte».

30. Orduan, apaizek eta lebitarrek hartu egin zituzten pisaturiko zilarra, urrea eta ontziak, Jerusalemera, gure Jainkoaren etxera, eramateko.

31. Lehenengo hilaren hamabian abiatu ginen Ahaba ibaitik Jerusalemera. Jainkoa lagun baikenuen, onik atera gintuen etsai eta bidelapurrengandik.

32. Jerusalemera iritsi eta hiru egunez atseden hartu genuen.

33. Laugarren egunean pisatu genituen zilarra, urrea eta ontziak geure Jainkoaren etxean, eta Uriasen seme Meremot apaizaren esku utzi genituen; Uriasekin zeuden Pinhasen seme Eleazar eta Josueren seme Jozabad eta Binuiren seme Noadias lebitarrak ere.

34. Guztia zenbatu eta pisatu ondoren, idatziz jasoa gelditu zen.

Irakurri kapitulu osoa Esdras 8