Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 4:3-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Zeuen begiz ikusia duzue Jaunak Baal-Peorren eginikoa: nola suntsitu zituen zuen artetik Peorko Baal jainkoari jarraitu zioten guztiak;

4. zuek, berriz, Jaunari zeuen Jainkoari atxikirik iraun zenutenok, bizirik zaudete oraindik.

5. Hara, Jaunak nire Jainkoak agindutako legeak eta erabakiak irakasten dizkizuet, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

6. Bete arretaz, horrek jakintsu eta buruargi egingo baitzaituzte herrien begietan. Lege hauen berri jakitean, esango dute: “Bai herri jakintsu eta buruargia nazio handi hau!”

7. Izan ere, ez da munduan naziorik, handia bada ere, bere jainkoak guk bezain hurbil dituenik, guk Jauna geure Jainkoa, dei egiten diogun bakoitzean, dugun bezain hurbil, alegia;

8. ezta gaur adierazten dizuedan irakaspen hau bezain lege eta erabaki zuzenak dituenik ere.

9. «Baina kontuz! Ez gero ahaztu ikusi dituzuen gertakariak, ez kendu gogotik zeuen bizitza osoan. Eman jakitera zeuen seme-alaba eta bilobei ere.

10. Izan gogoan bereziki Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean Horeb mendian egon zineteneko eguna. Jaunak agindua zidan: Bildu herria nire aurrean. Neure hitzak entzunaraziko dizkiet, beti nireganako begirunean bizitzen ikas dezaten, eta irakaspen bera seme-alabei eman diezaieten.

11. «Zuek mendi barrenera hurbildu zineten eta han gelditu; mendia sutan zegoen, zerurainoko sugarretan, laino itxi eta ilun-beltzez inguratua.

12. Jauna suaren erditik mintzatu zitzaizuen: haren hitzak entzun zenituzten, baina ez zenuten irudirik ikusi; ahotsa entzun zenuten bakarrik.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 4