Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 4:28-39 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

28. Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.

29. Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.

30. «Denboraren joanean, mehatxu hauek gauzatu eta atsekabealdian aurkitzean, Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta haren esanera jarriko;

31. Jauna, zuen Jainkoa, Jainko bihozbera baita, ez zaituzte utziko, ez suntsituko, ezta ahaztuko ere zuen arbasoei zin eginez hitzemandako itunaz.

32. «Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den.

33. Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

34. Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste baten menpetik askatu eta beretzat hartzera etorri denik? Bada, Egipton zeuen begi-bistan horixe egin zuen Jaunak zuen Jainkoak. Ezaugarri asko eman zituen, eta mirariak eta egintza harrigarriak egin; borrokaren bidez, ahalmen handiz eta esku indartsuz askatu zintuzten, etsaiengan izua sortuz.

35. «Jauna dela Jainkoa jakin dezazuen ikusarazi zaizue hori guztia: ez da bera besterik.

36. Bere ahotsa entzunarazi dizue zerutik, zentzarazteko; lurrean bere su handia erakutsi dizue, eta hark suaren erditik esandako hitzak entzun dituzue.

37. Zuen arbasoak maite izan zituelako hautatu zaituzte zuek, haien ondorengook, eta ahalmen handiz Egiptotik atera.

38. Zuena baino herri handiago eta ahaltsuagoak bota ditu, zuek haien lurraldera eraman eta lurraldea zuei ondaretzat emateko, gaur egun gertatzen den bezala.

39. «Aitortu, beraz, gaur, eta izan beti gogoan Jauna dela Jainkoa, goian zeruan eta behean lurrean: ez da besterik.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 4