Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 4:20-37 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

20. Zuek, ordea, Jaunak hartu eta Egiptotik, burdina urtzeko labetik, atera zaituzte, bere herri eta ondare egiteko, gaur egiaz zareten bezala.

21. «Jauna haserretu egin zen nirekin zuen erruz, eta zin egin zuen ez nuela Jordan ibaia igaroko eta ez nintzela sartuko berak ondaretzat emango dizuen lurralde ederrean.

22. Nik, Jordan igaro gabe, lurralde honetan hil behar dut; baina zuek igaroko duzue eta lurralde oparo horren jabe egingo zarete.

23. Ez gero ahaztu zuen Jainko Jaunak zuekin burutu duen ituna, ez egin ere edozein izakiren irudiko idolorik, Jaunak zeuen Jainkoak galarazi baitizue;

24. izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko jeloskorra da, su kiskalgarria.

25. «Belaunaldiak pasatuko dira eta herri zaharra izango zarete lurraldean. Orduan, galbideratu eta edozein izakiren irudiko idolorik egiten baduzue, Jaunari zeuen Jainkoari gaizki iruditzen zaiona eginez eta haserraraziz,

26. gaur zeru-lurrak jartzen ditut lekuko zuen aurka: Jordanez beste aldean jabetzan hartzera zoazten lurraldean berehala galduko zarete. Ez duzue luzaroan iraungo bertan, erabat suntsituko baitzaituztete.

27. «Jaunak beste herrietan barreiatuko zaituzte; zuetariko gutxi batzuk besterik ez dira bizirik geldituko Jaunak eramango zaituzten nazioetan.

28. Han, giza eskuz eginiko zurezko eta harrizko jainkoak gurtu beharko dituzue, ez ikusi eta ez entzun, ez jan eta ez usaindu egiten ez dutenak.

29. Han zaudetela, Jaunaren zeuen Jainkoaren bila hasiko zarete, eta aurkitu ere aurkituko duzue, bihotz-bihotzez eta gogo osoz harengana jotzen baduzue.

30. «Denboraren joanean, mehatxu hauek gauzatu eta atsekabealdian aurkitzean, Jaunarengana zeuen Jainkoarengana itzuliko zarete eta haren esanera jarriko;

31. Jauna, zuen Jainkoa, Jainko bihozbera baita, ez zaituzte utziko, ez suntsituko, ezta ahaztuko ere zuen arbasoei zin eginez hitzemandako itunaz.

32. «Galdetu antzinako garaiei, zuen aurretik izandakoei, Jainkoak munduan gizakia egin zuen egunetik hasita; galdetu munduaren ertz batetik besteraino, ea inoiz horrelakorik gertatu edo entzun izan den.

33. Ba ote da herririk, zuek bezala Jainkoa suaren erditik mintzatzen entzun eta bizirik gelditu denik?

34. Izan al da inoiz jainkorik, herri bat beste baten menpetik askatu eta beretzat hartzera etorri denik? Bada, Egipton zeuen begi-bistan horixe egin zuen Jaunak zuen Jainkoak. Ezaugarri asko eman zituen, eta mirariak eta egintza harrigarriak egin; borrokaren bidez, ahalmen handiz eta esku indartsuz askatu zintuzten, etsaiengan izua sortuz.

35. «Jauna dela Jainkoa jakin dezazuen ikusarazi zaizue hori guztia: ez da bera besterik.

36. Bere ahotsa entzunarazi dizue zerutik, zentzarazteko; lurrean bere su handia erakutsi dizue, eta hark suaren erditik esandako hitzak entzun dituzue.

37. Zuen arbasoak maite izan zituelako hautatu zaituzte zuek, haien ondorengook, eta ahalmen handiz Egiptotik atera.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 4