Itun Zaharra

Itun Berria

Deuteronomioa 4:10-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

10. Izan gogoan bereziki Jaunaren zeuen Jainkoaren aurrean Horeb mendian egon zineteneko eguna. Jaunak agindua zidan: Bildu herria nire aurrean. Neure hitzak entzunaraziko dizkiet, beti nireganako begirunean bizitzen ikas dezaten, eta irakaspen bera seme-alabei eman diezaieten.

11. «Zuek mendi barrenera hurbildu zineten eta han gelditu; mendia sutan zegoen, zerurainoko sugarretan, laino itxi eta ilun-beltzez inguratua.

12. Jauna suaren erditik mintzatu zitzaizuen: haren hitzak entzun zenituzten, baina ez zenuten irudirik ikusi; ahotsa entzun zenuten bakarrik.

13. Jaunak ituna iragarri zizuen, bete behar zenituzten hamar aginduak, eta bi harlauzatan idatzi zituen.

14. Niri, berriz, legeak eta erabakiak zuei irakasteko agindu zidan Jaunak, jabetzan hartzera zoazten lurraldean bete ditzazuen.

15. «Izan kontu, beraz! Jauna suaren erditik Horeb mendian mintzatu zitzaizuenean, ez zenuten inolako irudirik ikusi.

16. Ez galbideratu edonolako idolo edo jainko-irudiak eginez: gizonezkonahiz emakumezko-irudiak,

17. lur gaineko abere- nahiz airean hegan doazen hegazti-irudiak,

18. lurrean arrastaka dabiltzan narrasti- nahiz lur azpiko uretan dabiltzan arrain-irudiak.

19. Zerurantz begiratu eta eguzki, ilargi, izar eta astro guztiak ikustean, ez eman amore, aurrean ahuspeztuz, haiek gurtzeko tentazioari, Jaunak zuen Jainkoak munduko beste herri guztiei utzi baitizkie jainkotzat.

20. Zuek, ordea, Jaunak hartu eta Egiptotik, burdina urtzeko labetik, atera zaituzte, bere herri eta ondare egiteko, gaur egiaz zareten bezala.

21. «Jauna haserretu egin zen nirekin zuen erruz, eta zin egin zuen ez nuela Jordan ibaia igaroko eta ez nintzela sartuko berak ondaretzat emango dizuen lurralde ederrean.

22. Nik, Jordan igaro gabe, lurralde honetan hil behar dut; baina zuek igaroko duzue eta lurralde oparo horren jabe egingo zarete.

23. Ez gero ahaztu zuen Jainko Jaunak zuekin burutu duen ituna, ez egin ere edozein izakiren irudiko idolorik, Jaunak zeuen Jainkoak galarazi baitizue;

24. izan ere, Jauna, zuen Jainkoa, Jainko jeloskorra da, su kiskalgarria.

Irakurri kapitulu osoa Deuteronomioa 4