Itun Zaharra

Itun Berria

Baruk 2:21-35 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. “Hau dio Jaunak: Makurtu lepoa eta jarri Babiloniako erregearen menpe, eta zuen arbasoei eman nien lurraldean jarraituko duzue bizitzen.

22. Baina, nire esanari ez entzunarena eginez, Babiloniako erregearen menpe jartzen ez bazarete,

23. desagerrarazi egingo ditut Judako hirietatik eta Jerusalemdik poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak. Lurralde hau guztia hondatua geldituko da, bizilagunik gabe”.

24. «Baina guk, zure esanari ez entzunarena eginez, ez genuen jarri nahi izan Babiloniako erregearen menpe, eta zuk bete egin dituzu zeure mehatxuak. Zeure zerbitzari profeten bitartez iragarri zenuen bezala, gure erregeen eta arbasoen hezurrak hilobietatik atera eta kanpora bota dituzte.

25. Eta hor daude orain eguneko beroa eta gaueko hotza jasaten. Gosez, gerraz eta izurriz, oinaze latzetan, hil ziren.

26. Eta zeure bizitokitzat aukeratu duzun tenplua ere, Israel eta Judaren gaiztakeriagatik, gaur egun dagoen egoeran utzi duzu.

27. «Jauna, gure Jainkoa, zuk zeure bihotz onez eta neurrigabeko gupidaz jokatu duzu gurekin.

28. Hala iragarri zenuen zeure zerbitzari Moisesen bitartez, israeldar guztien aurrean zeure legea idazteko agindu zenionean:

29. “Nire mintzoa aditzen ez baduzue, lagun-talde ezin handiago hau biziki urriturik geldituko da sakabanatuko dudan nazioetan.

30. Jakin badakit ez didatela adituko, herri burugogorra baita. Baina itzuliko dira beren baitara erbestealdian,

31. eta aitortuko dute neu naizela Jauna, beraien Jainkoa. Bihotz-belarri erne eta adikorrak emango dizkiet,

32. gogoratuko dira nitaz eta goretsiko naute erbestealdian.

33. Nire aurka bekatu egin zuten arbasoen jokaeraz oroiturik, uko egingo diote beren burugogorkeriari eta damutu egingo egintza txarrez.

34. Haien guraso Abraham, Isaak eta Jakobi zin eginez agindu nien lurraldera itzuliko ditut berriro eta haren jabe egingo dira; ugaritu egingo ditut eta ez dira gehiago urrituko.

35. Betiko ituna egingo dut haiekin; horrela, ni beraien Jainko izango naiz eta haiek nire herri. Eta Israel, nire herria, ez dut berriro jaurtiko eman nion lurraldetik”.

Irakurri kapitulu osoa Baruk 2