Itun Zaharra

Itun Berria

Baruk 2:13-24 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Urrundu zeure haserrea guregandik, baztertuak eta gutxituak baikaude sakabanatu gaituzun herrialdeetan.

14. «Entzun, bada, Jauna, gure otoitza eta erregua, libra gaitzazu zarena zarelako, eta egizu geuregana dezagula erbesteratu gaituztenen onginahia,

15. mundu guztiak jakin dezan zeu zarela Jauna, gure Jainkoa, zeure herritzat aukeratu baituzu Israel herria.

16. Begira, Jauna, bizi zaren zerutik eta har gaitzazu gogoan! Makurtu, Jauna, belarria eta entzun!

17. Ireki begiak eta ikusi! Kontura zaitez, Jauna, Hildakoen Egoitzan daudenek, bizi-arnasa galdu dutenez, ezin zaituztela goretsi eta zure salbamena iragarri;

18. atsekabez beterik dagoenak, begiak ia itzalirik eta barnea goserik dituenak goretsiko zaitu eta zure salbamena iragarriko.

19. «Jauna, geure Jainkoa, ez dizkizugu egiten erreguok geure gurasoen eta erregeen merezimenduetan oinarriturik.

20. Zeure haserre-sumina gure aurka hustu duzu, zeure zerbitzari profeten bitartez iragarri zenuena betez:

21. “Hau dio Jaunak: Makurtu lepoa eta jarri Babiloniako erregearen menpe, eta zuen arbasoei eman nien lurraldean jarraituko duzue bizitzen.

22. Baina, nire esanari ez entzunarena eginez, Babiloniako erregearen menpe jartzen ez bazarete,

23. desagerrarazi egingo ditut Judako hirietatik eta Jerusalemdik poz-alaitasunezko oihuak eta senar-emaztegaien kantuak. Lurralde hau guztia hondatua geldituko da, bizilagunik gabe”.

24. «Baina guk, zure esanari ez entzunarena eginez, ez genuen jarri nahi izan Babiloniako erregearen menpe, eta zuk bete egin dituzu zeure mehatxuak. Zeure zerbitzari profeten bitartez iragarri zenuen bezala, gure erregeen eta arbasoen hezurrak hilobietatik atera eta kanpora bota dituzte.

Irakurri kapitulu osoa Baruk 2