Itun Zaharra

Itun Berria

Baruk 2:1-11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. «Horregatik, Jaunak bete egin du bere mehatxua, gure eta Israelgo gobernarien aurka, gure errege eta buruzagien aurka, Israelgo eta Judako jendearen aurka emandako hitza.

2. Ez da inoiz ere ikusi zerupean Jainkoak, Moisesen legean idatzirik dagoena betez, Jerusalemen egin duenaren antzekorik,

3. nork bere seme-alaben haragia jateraino ere iritsi baikara.

4. Inguruko erresumen menpe utzi gaitu Jaunak eta albo-herrietan sakabanatu, beraien iseka-gai eta madarikazio bihurtuz.

5. Besteen nagusi izan beharrean, menpeko gertatu gara, bekatu egin baitugu Jaunaren, geure Jainkoaren, kontra, haren mintzoari ez entzunarena eginez.

6. «Jauna, gure Jainkoa, bakarrik da zuzena! Gu eta gure gurasoak, berriz, lotsagarri gaude, gaur ikus daitekeenez.

7. Jaunak gure kontra iragarritako zoritxar guztiak erori zaizkigu gainera;

8. halaz guztiz, ez diogu erregutu Jaunari, nor bere joera gaiztoetatik bihurtzeko asmoz.

9. Horregatik, Jauna erne egon da eta azkenean zoritxarrok bidali dizkigu. Izan ere, Jauna zuzena da, zuzena egiteko agindu digun guztian;

10. guk, ordea, ez dugu haren mintzoa aditu, eman dizkigun aginduei jarraituz.

11. «Jauna, Israelen Jainkoa, esku indartsuz atera zenuen zeure herria Egiptotik, mirariak eta egintza harrigarriak eginez; ahalmen handiz eta esku bizkorrez atera ere, izen ospetsua gaurdaino zeureganatuz;

Irakurri kapitulu osoa Baruk 2