Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 19:7-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Gorrotatzen zaituztenak dituzu maite, eta maite zaituztenak gorrotatzen. Zeure gudalburuek eta zeure gudariek bost axola dizutela adierazten ari zara gaur. Badakit, Absalom bizi eta gu guztiok gaur hil izan bagina, ontzat hartu izango zenuela.

8. Jaiki zaitez, irten eta gogoberotu zeure gudariak. Hara, Jaunarengatik zin degizut: ateratzen ez bazara, ez da inor ere geldituko zurekin gaur gauean; orduan, zeure bizitza osoan ikusi izan dituzunak baino gorriagoak ikusi beharko dituzu.

9. Jaiki zen, bada, erregea eta ate ondoan jarri zen. Jakinarazi zioten jende guztiari erregea ate ondoan jarria zegoela, eta denak erregearen aitzinera etorri ziren.Israeldarrak nor bere etxolara ihesi joanak ziren.

10. Israelgo leinu orotan jendea eztabaidan ari zen, esanez: «Erregeak libratu gintuen geure etsaien menpetik, baita filistearren eskuetatik salbatu ere. Absalom dela eta, ordea, ihes egin behar izan du lurralde honetatik.

11. Guk errege gantzutu genuen Absalom hura hila da guduan. Zergatik ez duzue zerbait egiten, David erregea berriro etorrarazteko?»

12. Davidek Tzadok eta Abiatar apaizak bidali zituen, esanez:—Mintza zakizkiete honela Judako herri-arduradunei: «Zuek izan behar al duzue azkenak erregea bere jauregira etorrarazten?

13. Anaiak zaituztet, neure odolekoak. Azkenak izan behar al duzue erregea etorrarazten?»

14. Amasari, berriz, esan: «Ez al zaitut neure odolekoa? Zigor nazala Jainkoak gogor, baldin eta gudalburu egiten ez bazaitut betiko, Joaben ordez!»

15. Honela bereganatu zituen Judako gizon ororen bihotzak batean, eta eskari hau bidali zioten erregeari: «Itzul zakizkigu, zeure zerbitzari guztiekin».

16. Erregea, beraz, itzuli zen eta Jordaneraino heldu. Judakoak Gilgaleraino etorri ziren erregearen bila, Jordan igarotzean lagun egiteko.

17. Geraren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindar hura, lehiatu zen Judako gizonekin batera Daviden bila jaisten;

18. berekin zituen mila gizon benjamindar eta Tziba, Saulen etxeko morroia, ere bai, beronen hamabost seme eta hogei zerbitzariekin. Hauek Jordan igaro zuten erregearen bila,

19. erregearen etxekoak zekartzan txanela abiatzeko zegoen unean. Beren laguntza eskaini nahi zioten erregeari. Hau Jordan igarotzeko zegoenean, Geraren seme Ximei aurrean ahuspeztu zitzaion,

20. eta honela mintzatu:—Ene jauna, ez izan kontuan nire okerra; ez oroitu, ene errege jauna, Jerusalemdik atera zinen egun hartan nik, zure morroi honek, esan nizunaz. Ez hartu gogoan, ene errege jauna.

21. Aitortzen dizut oker jokatu nuela; baina hara, Joseren ondorengo guztietatik neu izan nauzu lehena ene errege jaun horren bila etortzen.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 19