Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

David atsekabetua

1. Erregea dar-darka gelditu zen; ate gaineko solairura igo eta negarrari eman zion. Bidean honela zioen:—Ai ene seme Absalom, ene seme, ene seme Absalom! Zergatik ez naiz ni hil zure ordez? Absalom, ene seme, ene seme!

2. Jakinarazi zioten Joabi erregea negarrez eta aieneka ari zela Absalomengatik.

3. Egun hartan garaipena dolu bihurtu zen gudaroste osoarentzat, entzun baitzuten gudariek erregea atsekabetua zegoela bere semearengatik.

4. Horregatik, gudarostea isilka sartu zen hirira, gudutik ihesi datorren gudarostea lotsaz isilka sartu ohi den bezala.

5. Erregeak, aurpegia estalirik, oihu handiz honela zioen:—Ai ene seme Absalom, Absalom ene seme, ene seme!

6. Sartu zen Joab erregearen etxera eta esan zion:—Lotsarazi egin dituzu gaur, zuri eta zure seme-alabei, zure emazte eta ohaideei bizia salbatu dizueten gudari guztiak.

7. Gorrotatzen zaituztenak dituzu maite, eta maite zaituztenak gorrotatzen. Zeure gudalburuek eta zeure gudariek bost axola dizutela adierazten ari zara gaur. Badakit, Absalom bizi eta gu guztiok gaur hil izan bagina, ontzat hartu izango zenuela.

8. Jaiki zaitez, irten eta gogoberotu zeure gudariak. Hara, Jaunarengatik zin degizut: ateratzen ez bazara, ez da inor ere geldituko zurekin gaur gauean; orduan, zeure bizitza osoan ikusi izan dituzunak baino gorriagoak ikusi beharko dituzu.

9. Jaiki zen, bada, erregea eta ate ondoan jarri zen. Jakinarazi zioten jende guztiari erregea ate ondoan jarria zegoela, eta denak erregearen aitzinera etorri ziren.Israeldarrak nor bere etxolara ihesi joanak ziren.

David Jerusalemera itzularazi nahi

10. Israelgo leinu orotan jendea eztabaidan ari zen, esanez: «Erregeak libratu gintuen geure etsaien menpetik, baita filistearren eskuetatik salbatu ere. Absalom dela eta, ordea, ihes egin behar izan du lurralde honetatik.

11. Guk errege gantzutu genuen Absalom hura hila da guduan. Zergatik ez duzue zerbait egiten, David erregea berriro etorrarazteko?»

12. Davidek Tzadok eta Abiatar apaizak bidali zituen, esanez:—Mintza zakizkiete honela Judako herri-arduradunei: «Zuek izan behar al duzue azkenak erregea bere jauregira etorrarazten?

13. Anaiak zaituztet, neure odolekoak. Azkenak izan behar al duzue erregea etorrarazten?»

14. Amasari, berriz, esan: «Ez al zaitut neure odolekoa? Zigor nazala Jainkoak gogor, baldin eta gudalburu egiten ez bazaitut betiko, Joaben ordez!»

15. Honela bereganatu zituen Judako gizon ororen bihotzak batean, eta eskari hau bidali zioten erregeari: «Itzul zakizkigu, zeure zerbitzari guztiekin».

16. Erregea, beraz, itzuli zen eta Jordaneraino heldu. Judakoak Gilgaleraino etorri ziren erregearen bila, Jordan igarotzean lagun egiteko.

Davidek Ximeiri barkatu

17. Geraren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindar hura, lehiatu zen Judako gizonekin batera Daviden bila jaisten;

18. berekin zituen mila gizon benjamindar eta Tziba, Saulen etxeko morroia, ere bai, beronen hamabost seme eta hogei zerbitzariekin. Hauek Jordan igaro zuten erregearen bila,

19. erregearen etxekoak zekartzan txanela abiatzeko zegoen unean. Beren laguntza eskaini nahi zioten erregeari. Hau Jordan igarotzeko zegoenean, Geraren seme Ximei aurrean ahuspeztu zitzaion,

20. eta honela mintzatu:—Ene jauna, ez izan kontuan nire okerra; ez oroitu, ene errege jauna, Jerusalemdik atera zinen egun hartan nik, zure morroi honek, esan nizunaz. Ez hartu gogoan, ene errege jauna.

21. Aitortzen dizut oker jokatu nuela; baina hara, Joseren ondorengo guztietatik neu izan nauzu lehena ene errege jaun horren bila etortzen.

22. Tzeruiaren seme Abixaik esan zuen:—Ez al du heriotza merezi Ximeik, Jaunaren gantzutuari bota zion madarikazioagatik?

23. Davidek, ordea:—Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok! Zergatik ari zatzaizkidate oztopoak jartzen? Badakit orain Israelgo erregea naizela; beraz, gaur ez da inor hilko Israelen.

24. Orduan, esan zion Ximeiri:—Ez zara hilko, ez!Eta zin egin zion.

David eta Mefi-Boxet adiskidetu

25. Saulen seme Mefi-Boxet ere atera zitzaion erregeari bidera. Oinak garbitu gabe, bizarra txukundu gabe eta jantziak ere garbitu gabe egon zen Mefi-Boxet erregeak alde egin zuen egunetik bizirik eta onik itzuli zen arte.

26. Jerusalemera erregeagana etorri zenean, esan zion Davidek:—Nolaz ez zinen nirekin etorri, Mefi-Boxet?

27. Honek erantzun:—Ene errege jauna, engainatu egin ninduen morroiak. Nik, zure zerbitzari honek, astoa txalmatzeko agindu nion, gainean jarri eta erregearekin joateko, herrena naiz eta.

28. «Hark, ordea, gezurrez salatu ninduen zure aurrean, ene errege jauna. Hala ere, Jainkoaren aingerua bezalakoa zarenez, egin egoki iruditzen zaizuna.

29. Gure aitaren senitartean denok merezi genuen heriotza zure eskutik, ene errege jauna. Baina zeure mahaian jarri ninduzun, zeure zerbitzari hau. Ba ote dut oraindik eskubiderik erregeari zerbait eskatzeko?»

30. Erregeak esan zion:—Zertarako honenbeste berriketa? Agindua dut lurrak Tziba eta bion artean banatzeko.

31. Mefi-Boxetek ihardetsi zion:—Har ditzala denak beretzat. Aski dut zu etxera bizirik eta onik etorri izana, ene errege jauna.

Davidek Bartzilai sariztatu

32. Bartzilai galaadtarra ere jaitsi zen Rogelimdik, Jordan ibaia erregearekin igaro eta ibai ertzean agur egiteko.

33. Bartzilai oso zaharra zen, bazituen laurogei urte. Erregea Mahanaimen izan zen bitartean, hark hornitu zuen janariz, gizon oso handikia baitzen.

34. Erregeak esan zion Bartzilairi:—Zatoz nirekin Jerusalemera; behar duzun guztia izango duzu nire ondoan.

35. Bartzilaik, aldiz, erregeari:—Beste zenbat urtez biziko naiz, bada, erregearekin Jerusalemera joan behar izateko?

36. Baditut, dagoeneko, laurogei urte. Uste al duzu badudala ahalmenik ona eta txarra bereizteko? Edota janari-edariez gozatzeko? Edota kantariei entzuteko? Zuretzat oztopo baizik ez nintzateke izango, ene errege jauna.

37. Jordan igarotzen lagundu besterik ez dizut egingo; horregatik eman behar al didazu halako saria?

38. Otoi, uztazu itzultzen, neure herrian neure aita-amen hilobi ondoan hil nadin. Baina hona hemen Kimham zure morroia: doala bera zurekin, ene errege jaun horrekin; egiozu egokien iruditzen zaizuna.

39. Erregeak esan zion:—Betor, bada, nirekin Kimham, eta zuri egokien iruditzen zaizuna eginen diot. Eskatzen didazun guztia emango dizut.

40. Igaro zuten denek Jordan ibaia. Erregeak, igaro zuenean, Bartzilai besarkatu zuen eta bedeinkatu. Hau bere herrira itzuli zen.

41. Erregea, berriz, Gilgalerantz joan zen, Kimham berekin zeramalarik. Juda herri osoa eta Israel erdia ere erregearekin batera zihoan.

Iparraldekoak eta hegoaldekoak eztabaidan

42. Israeldarrek erregeagana hurbildu eta galdetu zioten:—Zergatik hartu zaituzte berentzat bakarrik Judako gure senideek, zuri, zure etxekoei eta zeurekin dituzun guztiei Jordan igarotzen laguntzerakoan?

43. Judakoek erantzun zieten Israelgoei:—Geurea dugu erregea. Zergatik haserretzen zarete horregatik? Erregearen bizkar jan ote dugu, bada? Edota, hartu ote dugu inolako ordainik?

44. Israeldarrek, berriz, erantzun zieten Judakoei:—Zuek baino hamar aldiz eskubide handiagoa dugu erregea eta David bera ere gurea izateko. Zergatik gutxiesten gaituzue? Ez al dugu lehenengo guk erabaki erregea itzularaztea?Baina Judakoen erantzuna latzagoa izan zen Israelgoena baino.