Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 19:15-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Honela bereganatu zituen Judako gizon ororen bihotzak batean, eta eskari hau bidali zioten erregeari: «Itzul zakizkigu, zeure zerbitzari guztiekin».

16. Erregea, beraz, itzuli zen eta Jordaneraino heldu. Judakoak Gilgaleraino etorri ziren erregearen bila, Jordan igarotzean lagun egiteko.

17. Geraren seme Ximei ere, Bahurimgo benjamindar hura, lehiatu zen Judako gizonekin batera Daviden bila jaisten;

18. berekin zituen mila gizon benjamindar eta Tziba, Saulen etxeko morroia, ere bai, beronen hamabost seme eta hogei zerbitzariekin. Hauek Jordan igaro zuten erregearen bila,

19. erregearen etxekoak zekartzan txanela abiatzeko zegoen unean. Beren laguntza eskaini nahi zioten erregeari. Hau Jordan igarotzeko zegoenean, Geraren seme Ximei aurrean ahuspeztu zitzaion,

20. eta honela mintzatu:—Ene jauna, ez izan kontuan nire okerra; ez oroitu, ene errege jauna, Jerusalemdik atera zinen egun hartan nik, zure morroi honek, esan nizunaz. Ez hartu gogoan, ene errege jauna.

21. Aitortzen dizut oker jokatu nuela; baina hara, Joseren ondorengo guztietatik neu izan nauzu lehena ene errege jaun horren bila etortzen.

22. Tzeruiaren seme Abixaik esan zuen:—Ez al du heriotza merezi Ximeik, Jaunaren gantzutuari bota zion madarikazioagatik?

23. Davidek, ordea:—Hau ez da zuen arazoa, Tzeruiaren semeok! Zergatik ari zatzaizkidate oztopoak jartzen? Badakit orain Israelgo erregea naizela; beraz, gaur ez da inor hilko Israelen.

24. Orduan, esan zion Ximeiri:—Ez zara hilko, ez!Eta zin egin zion.

25. Saulen seme Mefi-Boxet ere atera zitzaion erregeari bidera. Oinak garbitu gabe, bizarra txukundu gabe eta jantziak ere garbitu gabe egon zen Mefi-Boxet erregeak alde egin zuen egunetik bizirik eta onik itzuli zen arte.

26. Jerusalemera erregeagana etorri zenean, esan zion Davidek:—Nolaz ez zinen nirekin etorri, Mefi-Boxet?

27. Honek erantzun:—Ene errege jauna, engainatu egin ninduen morroiak. Nik, zure zerbitzari honek, astoa txalmatzeko agindu nion, gainean jarri eta erregearekin joateko, herrena naiz eta.

28. «Hark, ordea, gezurrez salatu ninduen zure aurrean, ene errege jauna. Hala ere, Jainkoaren aingerua bezalakoa zarenez, egin egoki iruditzen zaizuna.

29. Gure aitaren senitartean denok merezi genuen heriotza zure eskutik, ene errege jauna. Baina zeure mahaian jarri ninduzun, zeure zerbitzari hau. Ba ote dut oraindik eskubiderik erregeari zerbait eskatzeko?»

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 19