Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 11:7-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Hau etortzean, Joab eta gudarostea ongi al zebiltzan eta gudua nola zihoan galdetu zion Davidek.

8. Gero, esan zion:—Jaitsi zeure etxera eta garbitu oinak.Urias jauregitik atera zenean, erregalua bidali zioten.

9. Uriasek, ordea, jauregiko ate ondoan egin zuen lo, bere jaunaren gainerako morroiekin batera, bere etxeraino jaitsi gabe.

10. Etxera ez zela joan jakinarazi ziotenean, esan zion Davidek Uriasi:—Ez al duzu bide luzea egin? Zergatik ez zara, bada, etxeraino jaitsi?

11. Uriasek Davidi:—Bai Jaunaren kutxa, bai Israel eta Judako gudariak oihal-etxoletan daude; Joab ene jauna ere bere zerbitzariekin lur gorrian etzaten da. Neure etxean sartuko ote naiz, bada, ni, jan-edanean aritzeko eta emaztearekin etzateko? Ez, alajaina! Ez dut behin ere horrelakorik egingo!

12. Davidek, orduan, Uriasi:—Geldi zaitez gaur hemen. Bihar utziko dizut joaten.Egun hartan, beraz, Jerusalemen gelditu zen Urias; biharamunean,

13. berekin jatera eta edatera deitu eta mozkorrarazi egin zuen Davidek. Arratsean atera eta bere jaunaren morroiekin lotaratu zen Urias, etxera joan gabe.

14. Eguna argitu zuenean, Davidek gutuna idatzi zion Joabi eta Uriasekin bidali.

15. Hau zioen gutunean: «Ipin ezazue Urias aurreneko lerroan, borroka gogorrena dagoen tokian eta zuek egin atzera, jo eta hil dezaten».

16. Hala, hiria inguratzen ari zelarik, bai baitzekien non ziren etsairik gogorrenak, hantxe ipini zuen Joabek Urias.

17. Hiriko gizonek irten eta eraso egin zioten Joabi. Han erori ziren Daviden gudari eta gudalburu batzuk, baita Urias hitita ere.

18. Albisteak bidali zizkion Joabek Davidi, guduan gertatuaren berri emanez.

19. Eta hau agindu zion mezulariari: «Guduari buruzko berri guztiak eman ondoren,

20. beharbada, haserretu egingo da erregea eta esango dizu: “Zertarako hurbildu zarete hiriraino borrokara?

21. Ez al dakizue harresi gainetik jaurtika egiten dutela? Ez al zarete oroitzen nola hil zuen emakume batek Tebetz hirian Jerubexeten seme Abimelek, harresi gainetik errotarri bat jaurtiz? Zergatik hurbildu zarete harresiraino?” Orduan, zuk erantzun: “Zure zerbitzari Urias hitita ere hila da”».

22. Abiatu zen mezularia eta, heldu zenean, Joaben agindua adierazi zion Davidi.

23. Esan zion mezulariak Davidi:—Hango gizonak gu baino gogorragoak ziren. Irtenaldia egin zuten gure kontra zelai zabalera. Guk, aldiz, kontraerasoa egin genien hiri-sarreraraino.

Irakurri kapitulu osoa 2 Samuel 11