Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Samuel 11 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

David eta Betsabe (11,1—12,25)

David eta Betsabe

1. Hurrengo urtean, erregeek guduari ekin ohi dioten garaian, Davidek Joab bidali zuen bere ofizialekin eta Israelgo gudari guztiekin. Amondarrak hondatu zituzten eta Raba hiria inguratu. Bitartean, David Jerusalemen gelditu zen.

2. Arratsalde batez, ohetik jaiki eta jauregiko etxe gainean harat-honat zebilen David. Etxe gainetik emakume bat ikusi zuen bainatzen. Oso ederra zen,

3. eta nor zen jakitera bidali zituen batzuk. Erantzun hau ekarri zioten:—Betsabe da, Eliamen alaba eta Urias hititaren emaztea.

4. Orduan, Davidek mandatariak bidali zituen, emakume hura ekar ziezaioten. Etortzean, David berarekin etzan zen; hilerokoaren garbikuntza egin berria zen emakumea. Ondoren, bere etxera itzuli zen Betsabe.

5. Haurdun gertatu zelarik, Davidi jakinarazi zion, esanez:—Haurdun nago.

6. Orduan, mandatu hau bidali zion Davidek Joabi:—Bidal iezadazu Urias hitita.Eta Joabek Davidengana bidali zuen Urias.

7. Hau etortzean, Joab eta gudarostea ongi al zebiltzan eta gudua nola zihoan galdetu zion Davidek.

8. Gero, esan zion:—Jaitsi zeure etxera eta garbitu oinak.Urias jauregitik atera zenean, erregalua bidali zioten.

9. Uriasek, ordea, jauregiko ate ondoan egin zuen lo, bere jaunaren gainerako morroiekin batera, bere etxeraino jaitsi gabe.

10. Etxera ez zela joan jakinarazi ziotenean, esan zion Davidek Uriasi:—Ez al duzu bide luzea egin? Zergatik ez zara, bada, etxeraino jaitsi?

11. Uriasek Davidi:—Bai Jaunaren kutxa, bai Israel eta Judako gudariak oihal-etxoletan daude; Joab ene jauna ere bere zerbitzariekin lur gorrian etzaten da. Neure etxean sartuko ote naiz, bada, ni, jan-edanean aritzeko eta emaztearekin etzateko? Ez, alajaina! Ez dut behin ere horrelakorik egingo!

12. Davidek, orduan, Uriasi:—Geldi zaitez gaur hemen. Bihar utziko dizut joaten.Egun hartan, beraz, Jerusalemen gelditu zen Urias; biharamunean,

13. berekin jatera eta edatera deitu eta mozkorrarazi egin zuen Davidek. Arratsean atera eta bere jaunaren morroiekin lotaratu zen Urias, etxera joan gabe.

14. Eguna argitu zuenean, Davidek gutuna idatzi zion Joabi eta Uriasekin bidali.

15. Hau zioen gutunean: «Ipin ezazue Urias aurreneko lerroan, borroka gogorrena dagoen tokian eta zuek egin atzera, jo eta hil dezaten».

Urias hila

16. Hala, hiria inguratzen ari zelarik, bai baitzekien non ziren etsairik gogorrenak, hantxe ipini zuen Joabek Urias.

17. Hiriko gizonek irten eta eraso egin zioten Joabi. Han erori ziren Daviden gudari eta gudalburu batzuk, baita Urias hitita ere.

18. Albisteak bidali zizkion Joabek Davidi, guduan gertatuaren berri emanez.

19. Eta hau agindu zion mezulariari: «Guduari buruzko berri guztiak eman ondoren,

20. beharbada, haserretu egingo da erregea eta esango dizu: “Zertarako hurbildu zarete hiriraino borrokara?

21. Ez al dakizue harresi gainetik jaurtika egiten dutela? Ez al zarete oroitzen nola hil zuen emakume batek Tebetz hirian Jerubexeten seme Abimelek, harresi gainetik errotarri bat jaurtiz? Zergatik hurbildu zarete harresiraino?” Orduan, zuk erantzun: “Zure zerbitzari Urias hitita ere hila da”».

22. Abiatu zen mezularia eta, heldu zenean, Joaben agindua adierazi zion Davidi.

23. Esan zion mezulariak Davidi:—Hango gizonak gu baino gogorragoak ziren. Irtenaldia egin zuten gure kontra zelai zabalera. Guk, aldiz, kontraerasoa egin genien hiri-sarreraraino.

24. Arkulariek jaurti zituzten geziak zure gudarien aurka harresi gainetik eta zure gudarietariko batzuk hil zituzten. Zure zerbitzari Urias hitita ere hil zuten.

25. Davidek esan zion mezulariari:—Esaiok Joabi: «Ez kezkatu horregatik, ezpatak batean bata eta bestean bestea irensten baitu. Areagotu erasoa hiriaren kontra eta mendera ezazue». Emaiok horrela adore Joabi.

26. Jakin zuen Uriasen emazteak bere senarra hil zela eta negar egin zuen harengatik.

27. Dolualdia buruturik, Davidek emakumea etxera etorrarazi, jauregian hartu eta bere emazte egin zuen; eta semea sortu zion. Jaunak, ordea, ez zuen atsegin izan Davidek egina.