Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 3:22-29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

22. Hala ere, tenpluaren babespean gorde zituzten ondasunak osorik eta seguru zaintzeko Jaun ahalguztidunari denak eske ari zitzaizkion bitartean,

23. Heliodoro bere erabakia bete nahian zebilen.

24. Hurbildu zen, beraz, Heliodoro bere zaintzaileekin tenpluko altxortegira. Une hartan, espirituen Jaun eta aginte guztien Nagusiak bere handitasuna agertu zuen. Eta toki hartara sartzeko ausardia izan zutenak, Jainkoaren indarrak izuturik, kemenik eta adorerik gabe gelditu ziren.

25. Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien.

26. Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte.

27. Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten.

28. Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa.

29. Jainkoaren indarrak joa, han zegoen Heliodoro hitzik gabe eta salbatzeko itxaropenik gabe.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 3