Itun Zaharra

Itun Berria

2 Makabearrak 3:15-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Apaizek, beren jantzi bereziak soinean zituztela, aldare aitzinean ahuspeztu eta dei zegioten Jainkoari, beronek emanak baitziren diruzaintzari buruzko legeak. Eta dirutza hura tenpluan gorde zutenentzat osorik zaintzeko eskatzen zioten.

16. Apaiz nagusiaren itxura ikusteak erdibitu egiten zuen bihotza, haren aurpegiak eta kolore zurbilak beraren barruko nahigabea agertzen baitzuten.

17. Erabat izutua zegoen eta gorputza dar-dar, bihotzean nolako atsekabea zuen begira zeudenek igartzeko eran.

18. Jendea multzoka ateratzen zen etxeetatik, toki santuari gainera zetorkion irainaldia urrun zedin elkarrekin otoitz egitera.

19. Emakumeak, bularpeak zakukiz loturik, kalea betean zebiltzan, eta gorderik egon ohi ziren neskak ere, batzuk ateetara zihoazen lasterka, beste batzuk harresi gainera igotzen ziren eta beste batzuk leihoetara ateratzen.

20. Emakume guztiek, eskuak zerurantz jasorik, otoitz egiten zuten.

21. Errukia ematen zuen jendetza hura nahasian ahuspeztua eta apaiz nagusia larri eta nahigabetua ikusteak.

22. Hala ere, tenpluaren babespean gorde zituzten ondasunak osorik eta seguru zaintzeko Jaun ahalguztidunari denak eske ari zitzaizkion bitartean,

23. Heliodoro bere erabakia bete nahian zebilen.

24. Hurbildu zen, beraz, Heliodoro bere zaintzaileekin tenpluko altxortegira. Une hartan, espirituen Jaun eta aginte guztien Nagusiak bere handitasuna agertu zuen. Eta toki hartara sartzeko ausardia izan zutenak, Jainkoaren indarrak izuturik, kemenik eta adorerik gabe gelditu ziren.

25. Izan ere, oso apain txalmatua eta gainean zaldun beldurgarria zeraman zaldia agertu zitzaien. Bizkor oldartuz, zaldiak aurreko besoak jaso zituen Heliodororen aurka. Zaldi gainekoak urrezko bular-oskola zeramala zirudien.

26. Aldi berean, bi gizon gazte agertu zitzaizkion Heliodorori; oso indartsuak eta ederrak ziren, soineko bikainez jantziak. Alde banatan jarririk, zigorkatu egin zuten etengabe, astin-astin egina utzi arte.

27. Heliodoro lurrera erori zen zerraldo, ilunpe handiak inguratua. Orduan, jaso eta ohatila batean ezarri zuten.

28. Eta aipaturiko altxortegira talde handiarekin eta bere zaintzaileekin sartu berria zen gizon hura han eraman zuten, bere buruaz baliatzeko gauza ez zela. Horrela, argi-argi ikusi zuten denek Jainkoaren nagusigoa.

Irakurri kapitulu osoa 2 Makabearrak 3