Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 6:6-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Orain, ordea, Jerusalem hautatu dut neure bizileku eta David neure herri Israelen buruzagi”.

7. «Gure aita Davidek izan zuen Jaunarentzat, Israelen Jainkoarentzat, tenplua eraikitzeko asmoa.

8. Jaunak, ordea, esan zion gure aita Davidi: “Asmo ona izan duzu zeure bihotzean, niretzat etxea eraikitzekoa.

9. Alabaina, ez didazu zuk eraikiko etxea, zure erraietatik sorturiko semeak baizik”.

10. Horra, bada: bete du Jaunak emaniko hitza. Ni egin naiz errege gure aita Daviden ondoren, eta Israelgo errege-aulkian jarri, Jaunak esan bezala. Nik eraiki diot etxea Jaunari, Israelen Jainkoari,

11. eta bertan ezarri dut Jaunak israeldarrekin eginiko itunaren agiria daukan kutxa».

12. Salomonek, Jaunaren aldare aurrean zutik, israeldarren biltzar osoaren aitzinean, eskuak zerurantz luzatu zituen.

13. Eginarazia zuen brontzezko idulki bat eta atari erdian ezarria. Bi metro eta erdi luze zen, bi metro eta erdi zabal eta metro eta erdi gora. Idulkiaren gainera igorik, belaunikatu zen israeldarren batzar osoaren aitzinean eta, besoak zerurantz luzaturik,

14. otoitz hau egin zuen:«Jauna, Israelen Jainkoa, ez da zu bezalako jainkorik, ez zeruan, ez lurrean. Betetzen duzu ituna eta onbera zara zure aurrean bihotz zintzoz dabiltzan zure mirabeentzat.

15. Bete duzu zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zeniona; zeure ahoz hitzemana zeure eskuz bete duzu, gaur ikus dezakegunez.

16. Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete zeure zerbitzari Davidi, gure aitari, hitzeman zenion beste hau ere: “Ez zaizu faltako nire laguntzaz Israelgo errege-aulkian eseriko den ondorengorik, baldin eta zure ondorengoak nire legearen arabera ibiltzen badira, zu nire aurrean ibili zaren bezala”.

17. Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete zeure zerbitzari Davidi eman zenion hitza.

18. «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela gizon-emakumeekin? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?

19. Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun, gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 6