Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 6:26-41 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

26. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badu eta zuk emaniko zigorrarengatik bere bekatuaz damutzen bada,

27. entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.

28. «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,

29. norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,

30. entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.

31. Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.

32. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

33. entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Eta, gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

34. «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira otoitz egiten badizu,

35. entzuiozu zerutik bere otoitza eta eskaria, eta emaiozu garaipena.

36. «Zure kontra bekatu egitean —ez baita inor bekatu egiten ez duenik—, zuk, haien kontra haserreturik, etsaien esku utziko dituzu, eta menderatzaileen urrutiko nahiz hurbileko lurralderen batera eramango dituzte.

37. Orduan, eramango dituzten lurralde horretan, beren baitan hausnartuz, zuregana itzuli eta menderatzaileen lurraldean otoitz egingo dizute, esanez: “Bekatu egin dugu, gaiztakeria egin dugu, errudun gara!”

38. Horrela, etsaiek atzerriratuko dituzten lurralde horretan, beren bihotz osoz eta gogo guztiz zuregana itzuli eta beren gurasoei eman zenien lurralderantz begira, zuk hautatu duzun hirirantz eta nik eraiki dizudan tenplurantz begira, otoitz egiten badizute,

39. entzuiezu zerutik, bizi zaren toki horretatik, beren otoitza eta eskaria, eta egiezu zuzenbide. Barkatu zeure herriari zure kontra egin duen bekatua.

40. «Ene Jainko, begira onez eta entzun arretaz toki honetan eginiko otoitza.

41. «Jaiki zaitez, beraz, Jainko Jauna,zatoz zeure egoitza honetarazeure kutxarekin,hortik agertzen baituzuzeure ahalmena.Jainko Jauna,eraman bezate zure apaizeksalbamenaberen jantziak daramatzaten bezala;ager bezate zure zintzoekpoza eta zoriona.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 6