Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 6:24-34 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

24. «Zure herri Israelek, zure aurka bekatu egiteagatik, etsairen batek menderatu, baina, damuturik eta zu goraipatuz, tenplu honetan zure aurrean otoitz eta eskari egiten badizu,

25. entzuiozu zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi herria berari eta beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

26. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badu eta zuk emaniko zigorrarengatik bere bekatuaz damutzen bada,

27. entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.

28. «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,

29. norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,

30. entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.

31. Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.

32. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

33. entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta egiozu atzerritar horri eskatuko dizun guztia. Horrela, herri guztiek jakingo dute zure izenaren berri eta begirune izanen dizute, zeure herri Israelek bezala. Eta, gainera, jakingo dute, nik eraiki dizudan tenplu honetan egiten zaiola dei zure izenari.

34. «Zure herriak, zuk agindutako bidetik etsaia borrokatzera joatean, zuk aukeratu duzun hiri honetarantz eta nik eraiki dizudan tenplu honetarantz begira otoitz egiten badizu,

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 6