Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 6:17-32 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

17. Beraz, Jauna, Israelen Jainkoa, bete zeure zerbitzari Davidi eman zenion hitza.

18. «Baina egia ote, Jainkoa lurrean biziko dela gizon-emakumeekin? Zeru eta ortziaren zabalak ezin zaitu eduki, eta nik eraiki dizudan tenplu honek eduki ote zaitzake, bada?

19. Hala ere, Jauna, ene Jainkoa, adi ezazu zeure zerbitzari honen otoitza eta eskaria; entzun, gaur zure aurrean egiten dudan oihua eta erregua.

20. Begira etxe honi gau eta egun, zure bizilekua hau izanen dela esan baituzu. Entzun, zure zerbitzariak toki honetarantz begira eginiko otoitza.

21. Entzun, arren, zure zerbitzari honek eta zure herri Israelek toki honetarantz begira zuzenduriko eskaria. Entzun, bizi zaren toki horretatik, zerutik; entzun eta barkatu.

22. «Baten batek bere lagun hurkoari kalte egin eta honek madarikaziopean zin egitera behartuko balu eta tenplu honetako zure aldarera etorriko balitz,

23. entzun zuk zerutik eta erabaki bien arteko auzia: gaitzetsi erruduna, jokabide okerra berari egotziz; agertu zein den zuzena, beraren jokabide zuzenaren arabera hartuz.

24. «Zure herri Israelek, zure aurka bekatu egiteagatik, etsairen batek menderatu, baina, damuturik eta zu goraipatuz, tenplu honetan zure aurrean otoitz eta eskari egiten badizu,

25. entzuiozu zerutik, barkatu zeure herri Israelen bekatua, eta itzularazi herria berari eta beraren arbasoei eman zenien lurraldera.

26. «Herriak zure kontra bekatu egin duelako zerua itxi eta euririk egin ez dezanean, toki honetarantz begira otoitz egin eta zure izena goresten badu eta zuk emaniko zigorrarengatik bere bekatuaz damutzen bada,

27. entzuiozu zerutik. Barkatu zeure zerbitzarien eta zeure herri Israelen bekatua, erakutsi egin behar duen bide zuzena eta isuri euria ondare eman zenion lurrera.

28. «Lurralde honetan gosea edota izurritea izatean, gorrinak nahiz herdoilak, larrapoteak nahiz harrak jotzean, etsaiak hiriren batzuei erasotzean, edonolako ezbehar nahiz gaitzalditan,

29. norbaitek nahiz Israel zure herri osoak, bere okerraz eta atsekabeaz oharturik, tenplu honetarantz eskuak luzatuz, edozein otoitz nahiz eskari egiten badizu,

30. entzuiozu zerutik, bizi zaren toki horretatik, eta barkatu. Egizu nork bere jokaeraren ordaina har dezan, ongi baitakizu halakoaren barruaren berri; jakin ere, zuk bakarrik dakizu gizon-emakume guztien barruaren berri.

31. Horrela, begirune izanen dizute eta zure bideetan ibiliko dira, gure gurasoei eman zenien lurraldean biziko diren bitartean.

32. «Eta urrutiko lurraldetik, zure izen handiaren eta zure egintza ahaltsuen berri aditurik, zure herri Israelgoa ez den arrotzen bat tenplu honetara otoitz egitera etortzen bada,

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 6