Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 29:19-33 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

19. Eta Akaz erregeak, bere erregealdiko maltzurkeriak zirela eta, baztertu zituen gauza guztiak ere atera ditugu, garbitu eta Jaunaren aldare aurrean ezarri».

20. Biharamunean goizean goiz, hiriko agintariak bildu eta Jaunaren etxera igo zen Ezekias erregea.

21. Zazpi zezen, zazpi ahari, zazpi bildots eta barkamen-oparitarako zazpi aker ekarri zituzten, errege-etxearen, santutegiaren eta Judaren alde eskaintzeko. Jaunaren aldarean eskaintzeko agindu zien erregeak Aaronen ondorengo apaizei.

22. Hauek, orduan, zezenak hil eta odola harturik, aldarea zirtatu zuten; era berean, ahariak eta, azkenik, bildotsak ere hil ondoren, haien odolaz aldarea zirtatu zuten.

23. Ondoren, barkamena eskatzeko hil behar zituzten akerrak erregearen eta biltzarraren aurrera eramanik, denek eskuak luzatu zituzten haien gainera.

24. Gero, apaizek akerrak hil eta aldare gainera isuri zuten odola, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. Izan ere, erre-opari eta barkamen-opari haiek Israel osoaren alde eskaintzeko agindua zuen erregeak.

25. Honek, bestalde, Jaunaren etxean ezarri zituen lebitarrak beren txilin, harpa eta zitarekin, Davidek eta honen profeta Gadek eta Natan profetak agindua zuten eran. Agindu hura Jaunak berak emana zuen bere profeten bidez.

26. Lebitarrak, beraz, beren tokietan jarri ziren Davidek eginiko musika-tresnekin, eta apaizak turutekin.

27. Eta Ezekiasek aginduriko erre-oparia aldarean eskaintzen hasi ziren une berean hasi zuten haiek Jauna goresteko kantua ere, turutez eta Israelgo errege Davidek eginiko musika-tresnez lagundurik.

28. Erre-oparien eskaintza bukatu arte jardun zuten kantatzen eta turutak jotzen; bitartean biltzar osoa ahuspezturik egon zen.

29. Eta erre-oparia bukatzean, erregea eta beronekin ziren guztiak ahuspeztu egin ziren.

30. Ezekias erregeak eta buruzagiek Jauna goresteko esan zieten lebitarrei, Davidek eta Asaf profetak eginiko kantuz. Bozkarioz beterik goretsi zuten lebitarrek Jauna; ondoren, makurturik, gurtu egin zuten.

31. Gero, Ezekiasek esan zion biltzarrari: «Zuek ere Jaunarentzako eskua bete eskaintza dakarzue. Aurreratu eta ekarri Jaunaren etxera zeuen oparigaiak eta esker oneko eskaintzak». Orduan, jendeak esker oneko eskaintzak egin zituen. Eskuzabalenek erre-opariak ere egin zituzten.

32. Jaunarentzako erre-oparitzat hirurogeita hamar zezen, ehun ahari eta berrehun bildots eskaini zituzten.

33. Beste eratako eskaintzak egiteko seiehun zezen eta hiru mila ardi ekarri zituzten.

Irakurri kapitulu osoa 2 Kronikak 29