Kapituluak

  1. 1
  2. 2
  3. 3
  4. 4
  5. 5
  6. 6
  7. 7
  8. 8
  9. 9
  10. 10
  11. 11
  12. 12
  13. 13
  14. 14
  15. 15
  16. 16
  17. 17
  18. 18
  19. 19
  20. 20
  21. 21
  22. 22
  23. 23
  24. 24
  25. 25
  26. 26
  27. 27
  28. 28
  29. 29
  30. 30
  31. 31
  32. 32
  33. 33
  34. 34
  35. 35
  36. 36

Itun Zaharra

Itun Berria

2 Kronikak 29 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

Ezekiasen erregealdia

1. Hogeita bost urte zituen Ezekiasek errege izaten hastean, eta hogeita bederatzi urtez izan zen errege Jerusalemen. Haren amak Abia zuen izena eta Zakariasen alaba zen.

2. Jaunari atsegin zaiona egin zuen, bere arbaso Davidek bezalaxe.

Ezekiasek tenplua garbitu eta konpondu

3. Bere erregealdiko lehen urteko lehen hilabetean Ezekiasek tenpluko ateak ireki zituen eta konpondu.

4. Gero, apaizak eta lebitarrak ekialdeko plazan bildurik,

5. honela mintzatu zitzaien: «Entzun, lebitarrok, egin zeuen buruen garbikuntza eta garbi ezazue Jaunaren, zeuen arbasoen Jainkoaren, etxea ere, eta atera bertatik kutsatua den guztia.

6. Izan ere, gure gurasoak desleialak izan ziren, Jaunari, gure Jainkoari, atsegin ez zaiona eginez; zapuztu egin zuten eta Jaunaren bizilekutik alde egin, berari bizkarra emanik.

7. Atalondoko ateak itxi zituzten eta argiak itzali; ez zuten intsentsurik erre, ez erre-oparirik eskaini Israelen Jainkoaren tenpluan.

8. Horregatik, haserretu egin zen Jainkoa Juda eta Jerusalemen kontra, eta era beldurgarri, harrigarri eta barregarrian utzi zituen, zeuen begiz ikus dezakezuenez.

9. Horra zergatik hil zituzten ezpataz gure gurasoak, eta zergatik dauden gatibu gure seme-alaba eta emazteak.

10. Orain, Jaunarekin ituna egiteko asmoa dut, bere haserrea guregandik urrun dezan.

11. Beraz, ene semeok, ahalegin zaitezte, zuek hautatu baitzaituzte Jaunak, beraren aurrean zerbitzua egin, kultua eman eta intsentsua erre dezazuen».

12. Hona hemen beren buruak eskaini zituzten lebitarrak: Kehaten ondorengoetarik Amasairen seme Mahat eta Azariasen seme Joel; Merariren ondorengoetarik Abdiren seme Kix eta Jehalelelen seme Azarias; Gerxonen ondorengoetarik Zimaren seme Joah eta Joahen seme Eden;

13. Elitzafanen ondorengoetarik Ximri eta Jeiel; Asafen ondorengoetarik Zakarias eta Matanias;

14. Hemanen ondorengoetarik Jehiel eta Ximei; Jedutunen ondorengoetarik Xemaias eta Uziel.

15. Hauek, beren kidekoak bildu eta beren buruaren garbikuntza egin ondoren, Jaunaren etxearen garbikuntza egitera joan ziren, erregeak agindu eta Jaunak esan bezala.

16. Apaizek Jaunaren etxe barruaren garbikuntza egitera sartu eta kanpora atera zituzten, tenpluko atarira, barruan aurkitutako gauza kutsatu guztiak. Gero, lebitarrek hartu eta Zedron errekara bota zituzten.

17. Lehen hilaren lehen egunean hasi zuten garbikuntza-lana eta zortzigarren egunean heldu ziren tenpluko atalondora. Hurrengo zortzi egunak ere Jaunaren etxearen garbikuntzak egiten eman zituzten. Lehen hilaren hamaseigarren egunean bukatu zuten lana.

18. Apaizek, orduan, Ezekias erregeagana joan eta esan zioten: «Egin dugu Jaunaren etxe osoaren garbikuntza, baita erre-oparietarako aldarearena, eskainiriko ogien mahaiarena eta berauetako tresna guztiena ere.

19. Eta Akaz erregeak, bere erregealdiko maltzurkeriak zirela eta, baztertu zituen gauza guztiak ere atera ditugu, garbitu eta Jaunaren aldare aurrean ezarri».

Ezekiasek tenpluko kultua berrantolatu

20. Biharamunean goizean goiz, hiriko agintariak bildu eta Jaunaren etxera igo zen Ezekias erregea.

21. Zazpi zezen, zazpi ahari, zazpi bildots eta barkamen-oparitarako zazpi aker ekarri zituzten, errege-etxearen, santutegiaren eta Judaren alde eskaintzeko. Jaunaren aldarean eskaintzeko agindu zien erregeak Aaronen ondorengo apaizei.

22. Hauek, orduan, zezenak hil eta odola harturik, aldarea zirtatu zuten; era berean, ahariak eta, azkenik, bildotsak ere hil ondoren, haien odolaz aldarea zirtatu zuten.

23. Ondoren, barkamena eskatzeko hil behar zituzten akerrak erregearen eta biltzarraren aurrera eramanik, denek eskuak luzatu zituzten haien gainera.

24. Gero, apaizek akerrak hil eta aldare gainera isuri zuten odola, Israel osoaren bekatuen barkamena eskatuz. Izan ere, erre-opari eta barkamen-opari haiek Israel osoaren alde eskaintzeko agindua zuen erregeak.

25. Honek, bestalde, Jaunaren etxean ezarri zituen lebitarrak beren txilin, harpa eta zitarekin, Davidek eta honen profeta Gadek eta Natan profetak agindua zuten eran. Agindu hura Jaunak berak emana zuen bere profeten bidez.

26. Lebitarrak, beraz, beren tokietan jarri ziren Davidek eginiko musika-tresnekin, eta apaizak turutekin.

27. Eta Ezekiasek aginduriko erre-oparia aldarean eskaintzen hasi ziren une berean hasi zuten haiek Jauna goresteko kantua ere, turutez eta Israelgo errege Davidek eginiko musika-tresnez lagundurik.

28. Erre-oparien eskaintza bukatu arte jardun zuten kantatzen eta turutak jotzen; bitartean biltzar osoa ahuspezturik egon zen.

29. Eta erre-oparia bukatzean, erregea eta beronekin ziren guztiak ahuspeztu egin ziren.

30. Ezekias erregeak eta buruzagiek Jauna goresteko esan zieten lebitarrei, Davidek eta Asaf profetak eginiko kantuz. Bozkarioz beterik goretsi zuten lebitarrek Jauna; ondoren, makurturik, gurtu egin zuten.

31. Gero, Ezekiasek esan zion biltzarrari: «Zuek ere Jaunarentzako eskua bete eskaintza dakarzue. Aurreratu eta ekarri Jaunaren etxera zeuen oparigaiak eta esker oneko eskaintzak». Orduan, jendeak esker oneko eskaintzak egin zituen. Eskuzabalenek erre-opariak ere egin zituzten.

32. Jaunarentzako erre-oparitzat hirurogeita hamar zezen, ehun ahari eta berrehun bildots eskaini zituzten.

33. Beste eratako eskaintzak egiteko seiehun zezen eta hiru mila ardi ekarri zituzten.

34. Eta erre-oparitako hainbeste abere larrutzeko aski apaiz ez zegoenez, beren lankide lebitarrek lagundu behar izan zieten lan guztia bukatzen, beste apaiz batzuk beren buruaren garbikuntza egin arte. Izan ere, lebitarrak gogotsuago izan ziren apaizak baino beren garbikuntza egiterakoan.

35. Gainera, erre-opariekin batera egin ohi ziren isur-opari eta elkartasun-oparietako abereen gantzak ere erre behar izan zituzten.Honela berrantolatu zen kultua Jaunaren etxean.

36. Ezekias eta jende guztia pozik zegoen, Jainkoak herri osoari horrela eragin ziolako; dena bat-batean eratua baitzuten.