Itun Zaharra

Itun Berria

2 Erregeak 10:23-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

23. Gero, Jehu eta Rekaben seme Jonadab Baalen jauretxean sartu ziren. Jehuk esan zien Baalen adoratzaileei:—Begira ezazue ongi hemen, zeuen artean, Jaunaren adoratzailerik ba ote dagoen, ala Baalenak bakarrik zaudeten.

24. Orduan, Jehu eta Jonadab sakrifizioak eta erre-opariak eskaintzera sartu ziren. Jehuk, ordea, ezarriak zituen kanpoan laurogei gizon, agindu honekin: «Zuen esku uzten ditut adoratzaile horiek. Zuetariko norbaitek horietako bakar bati ihes egiten uzten badio, bere biziaz ordainduko du».

25. Erre-opariaren eskaintza bukatu zuenean, Jehuk gudari eta buruzagiei agindu zien:—Aurrera! Hil itzazue! Ez dezala inork ere ihes egin!Ezpataz hil eta kanpora bota zituzten. Gero, gudari eta buruzagiek, Baalen jauretxeko barne-gelara sartu,

26. jauretxeko zutarri sakratuak atera eta kiskali egin zituzten.

27. Baalen zutarri sakratuak desegin ondoren, jauretxea bera ere hondatu zuten eta simaurtegi bihurtu. Halaxe da gaurdaino.

28. Jehuk, beraz, desagerrarazi egin zuen Baal Israeldik.

29. Hala ere, Jehu ez zen urrundu Nebaten seme Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik, hau da, Betelgo eta Dango urrezko zekorrak gurtzetik.

30. Jaunak esan zion Jehuri: «Niri atsegin zaidana eginez ongi jokatu duzulako, eta Akaben errege-etxeari nik nahi nuena egin diozulako, zure ondorengoak jarriko dira, laugarren belaunaldiraino, Israelgo errege-aulkian».

31. Jehuk, ordea, ez zuen hartu bihotz osoz Jaunaren, Israelen Jainkoaren, legea; ez zen urrundu Jeroboamek Israeli eginarazi zizkion bekatuetatik.

32. Aldi hartan, Jauna lurra murrizten hasi zitzaion Israeli; Hazaelek menderatu egin zituen israeldarrak lurraldeko muga guztietan.

33. Kendu egin zien Jordandik ekialdera eta Arnon erreka ondoko Aroertik iparraldera dagoen lurralde osoa, hau da, Galaad eta Baxan eskualdeak, Gad, Ruben eta Manasesen leinuak bizi zirenekoak.

34. Jehuren gainerako jarduerak, egin zuen guztia eta egintza bizkorrak «Israelgo Erregeen Kronika» liburuan daude idatziak.

35. Hil zenean, Samarian ehortzi zuten. Hurrengo erregea haren seme Joakaz izan zen.

36. Hogeita zortzi urtez izan zen Jehu Israelgo errege Samarian.

Irakurri kapitulu osoa 2 Erregeak 10